Faiduko baselizan indarrez sartzen saiatu dira

Erredakzioa 2021ko uzt. 19a, 15:35
Euskal Herriko eliza zaharrenetakoa da Faidun dagoena. ALEA

Faiduko Administrazio Batzarrak salaketa aurkeztu du Ertzaintzaren aurrean. Atea indarrez irekitzen saiatu badira ere, ez dute lortu barrura sartzea.

Norbait Faiduko Haitzeko Andra Mariaren baselizan bortxaz sartzen saiatu da, seguruenera, lapurtzeko asmoz. Erasoa gutxienez duela astebete gertatu zen, baina orain ezagutarazi da. Arkeologiarako Arabar Institutuak sare sozialen bitartez zabaldutako irudietan ikusten dira baselizaren atean eragindako kalteak.

Faiduko Administrazio Batzarrak salaketa jarri zuen uztailaren 13an. Segurtasun Sailak ALEAri baieztatu dionez, "baseliza bati egindako kalteen" inguruko salaketa jaso dute, baina ez dute azaldu baselizaren barruan lapurreta egin den ala soilik kalteak egin ote diren. Faiduko Administrazio Batzarreko presidente Enrique Gonzalezek argitu du lapurrek ez dutela lortu barrura sartzea. "Barra batzuekin palanka egiten saiatu dira, baina, zorionez, ez dira sartu. Orain, erremintari baten zain gaude, kalteak konpontzeko". 

Haitzeko Andra Mariaren baseliza Euskal Herriko eliza zaharrenetakoa da, eta Euskadiko Monumentu Nazional gisa izendatuta dago. Haitzulo artifizial baten parean eraikita dago, eremitorioen inguruan egindako bizitzatik Elizak araututako jardunetara izandako trantsizioaren adierazle. Barruan, kalbarioa erakusten duten horma-irudiak daude, eta baita Haitzeko Andra Mariaren eskultura bat ere, besteak beste. 

Ezezagunek baselizaren atea bortxatu dute. IAA-AAI

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide