Otsailaren 17an hasi ziren Mendialdean Korrikaren aldeko ekintzak egiten, Uribarri Haranako elkartean egindako bertso afariarekin. Ordutik hona asko izan dira antolatutako jarduerak, hala nola, euskararen inguruko mahai inguruak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna edo filma emanaldia.
Horrez gain, joan den larunbatean, egun osoko festa egin zuten Santikurutze Kanpezun. Eguerditik gauerdira bitartean, umeentzako herri kirolak, frontenis txapelketa, elektrotxaranga, afaria eta kontzertua izan zituzten.
Bi ordu eta erdi
Onena, baina, iristear dago; hain justu ere, Korrika bera. Eskualdea martxoaren 31ko goizaldeanzeharkatuko du; Trebiñutik, Obekuritik, sartuko da 04:00etan, eta eta 06:28etan utziko du atzean, Nafarroako mugan. Bisita ordu txikietan izanda ere, parte-hartze handia espero dute. Maeztukoek, esate baterako, Genevilla inguruan, Navarreten zein Angostinan dituzten kilometroetan korrika egiteko deia egin dute.
Maiatzaren 31n bertan, Korrika pasa ostean, indarra berreskuratzeko gosaria egingo dute Kanpezun, eta eguerdian, 13:30ean, Korrika Txikia. Udalerriko etxeko txikienen txanda izango da orduan.
Ospakizunak ez dira lasterketarekin amaituko; apirilaren 1erako Korrika Eguna prestatu dute eta Maeztun. Egun osoko programazio zabala dute gertu; besteak beste, Korrika Txikia, dantza plaza, herrien arteko jolasak, umeentzako txokoa, poteo musikatua eta Jon Basagurenen kontzertua izango dituzte han.