Maeztuko eguneko zentroa handitu nahi du Udalak

Mirian Biteri 2017ko mar. 25a, 07:56

Otsailean onartu dituzten aurrekontuetan proiektua idazteko partida aurreikusi dute.

Arraia-Maeztuko Udalak bi proiektu ditu aurten esku artean. Batetik, eguneko zentroa zabaltzeko asmoa duela iragarri du; gaur egun zortzi lagunentzako tokia duen instalazioetako zerbitzu komunak handitu nahi ditu, tartean jantokikoa. Horrekin batera, psikomotrizitatea lantzeko edo askotariko erabilera izango lukeen aretoa egokitu nahi du.

Anartz Gorrotxategi alkateak gogorarazi du eraikinaren kanpoaldean jarduera fisikoa egiteko aparatuak badaudela, baina Mendialdean negua "oso luzea" dela, eta, hortaz, garrantzitsua dela barruan ere psikomotrizitatea jorratzeko gune egokia izatea.      

Bestetik, herrian enpresen hazitegia jarri nahi dute martxan. "Lauzpabost bulego, bilera gela, sukalondo txikia eta komunak egingo genituzke Teleklubeko eraikinean. Hori guztia egokitu eta alokairu baxua ordainduta, inguruko autonomoek erabili ahalko lukete hazitegi berria", azpimarratu du alkateak.  

Aurten 645.350 euro

Bata zein bestearen proiektua idazteko 11.000 euro gastatzea aurreikusten dute otsailean onartutako aurrekontuek; EAJko lau zinegotziaren aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin atera ziren kontuak aurrera.  Guztira, 645.350 eurokoa izatea aurreikusi dute.

Aipatutakoaz gain, bestelako hainbat partida ere badituzte aurrekontuek; besteak beste, jaioberrientzako diru laguntzak mantentzea, ondarea berreskuratzeko auzolandegien programarekin jarraitzea eta turismoa sustatzeko inguruko natura baliabideak balorean jartzen ahalegintzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide