alea.eus

Laminoriako tunela berreskuratzeko proiektua eskatuko du Diputazioak

Mirian Biteri 2017-03-01 10:23   Gizartea  Mendialdea  Arraia-Maeztu

Martxoan bertan esleituko du berritze egitasmoa egiteko lehiaketa; zazpi hilabetetan egon beharko da hori bukatuta.

Vasco-Navarro trena zenaren bide berdean aurrerapauso garrantzitsuak egin dira azkenaldian Mendialdean. Antoñana herritik zehar egokitutako tarte berria izan da azkena; pasa den azaroan inauguratu zuten hori.

Diputazioak behin baino gehiagotan aipatu du Araba, eta, bereziki, Mendialdeko eskualdea "turismo berdearen erreferente" bilakatu nahi duela, eta ahalegin horretan, Laminoriako tunela berreskuratzeko asmoa agertu du egunotan. Gasteiz eta Lizarra arteko bide berdea guztiz lotuko litzateke esandako eremua konponduko balitz.

Gereñuko mendatea

Ez da, baina, erraza izango. Gaur egun itxita dago 2,2 bat kilometro luze duen tunela; urez beteta dago eta lur-jausiak direla eta, behera etortzeko arriskua du. Gereñuko mendatea zeharkatzea da tunelaren beste aldera iristeko alternatiba; bada, mendate horrek malda gogorrak ditu, oinez edo mendi bizikletan egin beharrekoak. Jarraian, San Toribioren ermitaraino doan jaitsiera errepidetik egin behar da derrigorrez, Zekuiano berriro ere bide berdean sartu aurretik. Hori da, hain zuzen, Laminoriako tunelaren berreskuratzearekin saihestu nahi dutena.

Diputazioko Ingurumen sailetik jakinarazi dute martxoan bertan esleituko dutela tunelaren berritze proiektua osatzeko lehiaketa; hortik aurrera, zazpi hilabete izango ditu enpresa irabazleak irtenbide onena bilatzeko.Horretarako, 180.000 euroko partida aurreikusten dute aurtengo foru aurrekontuek; kopuru horren %50a Europatik dator.

Lanen kostu erreala zenbatekoa den zehaztuko du horrek. Zehazki, tunelaren hondatzea geldiarazteak, bertako zerbitzuak hobetzeak eta tarte hori oinezkoentzako eta txirrindularientzako egokitzeak zenbat balio duen jakin nahi du Diputazioak. Behin hori jakinda, bideragarritasuna aztertuko dute.   

1967 urtera arte zabalik

1927 eta 1967 urteen artean egon zen tunela funtzionamenduan; zabaleran 4,1 metro eta altueran 6,5 metro dituen galeria da. Urte horretan egin zuen azken bidaia Vasco-Navarroak. 1982an, ur-hoditeria sartu zuten bertan, Dulantziko udalerria hornitzeko; eta 1990eko lehorteak Zadorrako urtegiak beste arroetatik hornitzeko larrialdi hoditeria jarri behar izan zen. Gaur egun esandako zerbitzuak funtzionamenduan badaude ere, arriskuan daude, tunelak izan ditzakeen lur-jausiengatik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa