Hilaren 3an Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez eta Arabako diputatu nagusiorde Pilar Garcia de Salazar udalerriko administrazio-batzarrak bisitatzen egon ziren, Arraia-Maeztuko alkatearekin batera. Modu horretan, Arabako Foru Aldundiak udalerriarekin duen "konpromisoa" erakutsi nahi izan zuten.
Elkarketa 11:30ak aldera hasi zen Maeztuko udaletxean, eta bertan, Anartz Gorrotxategi alkatearekin batera udalerrian dauden beharrez eta egin daitezkeen inbertsioei buruz aritu ziren.
Sabandoko biomasa
Bilera amaituta, hirurak Sabandora abiatu ziren biomasa distric heating sistemaz funtzionatzen duen berogailu berria gertutik ezagutzera. Izan ere, Okinarekin batera, Sabando estatu mailan sistema honen bidez herriko eraikin publiko zein pribatu guztiak berotzen aitzindaria da, eta bertatik bertar ezagutu nahi izan zuten.
Beharrezkoa den biomasa guztia inguruko mendietako zuhaitzetatik hartzen dute, eta modu horretan, landa eremuan ekintza ekonomikoa sustatzeaz gain, basoak ere garbi mantentzen dituzte, alkatearen esanetan.
Handik Maeztura itzuli ziren eguneko arretarako zentroa bisitatzera, eta bertan, ahaldun nagusiak adineko jendearekin hitz egiteko aukera izan zuen.
Eguerdi aldera, Mendialdeko herri garaienetan, Erroitegi eta Erroeta alegia, bisitatzeko aukera izan zuten. Eta ondoren, Elortza eta Musitu inguruko errepidean egin daitezkeen hobekuntzak aztertu zituzten.
Azkenik, bisita Ataurin bukatu zuten bertako administrazio batzarreko lehendakariarekin solasalean egon eta gero.
Adinekoen elkartegiak
Beste alde batetik, Maeztuko Udalak, Mendialdeko Kuadrillaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz, adinekoentzat zuzenduriko programa kulturala zabaldu du. Ekintzak otsailetik apirila bitartean egingo dituzte Santikurutze Kanpezu eta Maeztuko herrietan, arratsaldeko bostetan.
Bertaratutakoek, besteak beste, arlo desberdinetako adituek emandako hitzaldiez, Adinduko psikologoek antolatutako tailerraz, musika kontzertuaz, magiaz edota antzerki ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute.