alea.eus

Onddoak babesteko hitzarmena sinatu dute

Naiara Lpz de Uralde 2016-11-10 16:15   Ingurumena  Mendialdea  Arraia-Maeztu

Akordioaren bidez Maeztu inguruko mendietako fruitu eta landareen bilketa arautuko dute

 

Onddoak babesteko hitzarmena sinatu dute
Akordioak mendietan hazitako basa fruituak babestea eta biltzaile kopurua kontrolatzea du helburu. | Itziar Viana | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken urteetan onddo eta basa fruituen biltzaileen kopurua nabarmen hazi da, eta herri txikietan zein mendietan sortutako kalteek ere gora egin dutela ikusita,  Arraia-Maeztuko Udaleko kontzeju batzuek, Done Bikendi Haraneko Administrazio Batzordearekin batera, Arraia barrutia sortzea erabaki dute. 

Modu horretan, titulartasun publikoko mendietan fruitu, perretxiko, landare edota loreen bilketa arautuko dute. "Eta, era berean, euren autoekin herri txikiak kolapsatzen dituzten bisitarien kopurua ere hobeto kontrolatu ahal izango dugu", adierazi du Anartz Gorrotxategik, Arraia-Maeztuko Udaleko alkateak. 

Bi urtez tramiteak egiten eta gauzak adosten egon eta gero, akordioa 2017. urtearen hasieran indarrean jartzea estimatzen dute. Hala ere, hau ez da mota honetako neurriak hartzen diren lehengo aldia. Iaz Arraia-Maeztuk gehiegizko perretxiko bilketa saihesteko araudia ere prestatu zuen. 

Kudeaketaren arduraduna

Arraia-Maeztuko Udala izango da barrutiaren jarduera kontrolatu eta kudeatzeko arduraduna, eta bere zereginen artean, besteak beste, esparruaren zaintza eta kontrol zerbitzuen kontratatzioa, aprobetxamendu baimenak ematea eta tasak kobratzea, edota zehapen espedienteak izapidetzea izango dira, Gorrotxategik azaldu moduan. 

Udalaren kudeaketaz gain, esparruaren funtzionamendu egokia bermatzeko, erakunde bakoitzeko ordezkari bat izango duen lan-mahaia ere sortuko dute. 

Ordaindu beharreko tasa

Aprobetxamendu tasari dagokionez, Arraia-Maeztuko bizilagunek denboraldiko bost euro ordaindu beharko dituzte. Bertan erroldatuta ez daudenek, ordea, egunean beste bost euro ordaindu beharko dute. Hala ere, asteko abonamenduak hogei euro balioko du, eta denboraldi osoko abonamenduak, aldiz, laurogei euro. 

Barrutitik ateratako dirua, gehien bat, mendietan hobekuntzak edota hezien konponketak egiteko erabiliko dute. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa