Inguruko berezko espeziea bada ere, XVII. mendean Iberiar penintsulan desagertu zirenetik ez da ohikoa kastoreak bertako ibaietan topatzea. Azkenaldi honetan, ordea, karraskari hauek ingurura bueltatu dira.
Urriaren 25ean, Kanpezuko Nusi arrantzarako lakuan, espero ez zuten bisitari bat izan zuten, goizeko bederatziak aldera. Langileak instalazioetara iritsi zirenean, arrain-haztegiaren urmaeletan kastore bat topatu zuten. "Berarekin zer egin ez genekienez, Foru Aldundira deitu eta handik ez ukitzeko esan ziguten", azaldu du Aitziber Asteasuinzarrak, bertako langile batek.
Goiz erdia karraskariaren atzetik gora eta behera ibili ondoren, azkenean langileek animalia harrapatu eta errekara itzuli zuten.
Baina Santikurutze Kanpezu ez da mota honetako karraskariak bizi diren leku bakarra. Duela bi urte, esate baterako, Lacorzana eta Rivabellosa herrietan animalia honen presentziaren zantzuak topatu zituzten, ibai inguruko makalak kalteturik ikustean.
Ehiztarien jomuga
Garai batean, gizartean kastorea oso animalia preziatua izan zen gizakiak bere haragia jaten zuelako, eta haren koipea kriseiluak pizteko erabiltzen zuten.
2003. urtean, espeziea berreskuratzeko asmoz, Pays des Castors izeneko Belgikako talde ekologista batek, ilegalki eta sekretupean, Bavarian hazitako 18 kastore europear bota zituen Aragoi ibaira. Geroztik, tamaina handiko karraskari hauek, poliki-poliki Aragoi, Nafarroa eta Errioxako errekak kolonizatzen joan dira, Arabako lurraldera iritsi diren arte.
Ondorio larririk ez
Bere hortzekin ibai ertzeetan dauden txopo edota sahatsetan eragiten dituzten kalteez aparte, Gorka Belamendia Ataria hezeguneko koordinatzailearen esanetan, animalia arrotza honek ez du gure ekosisteman kalte "larririk" eragiten. "Bere elikagai nagusia belarrak dira, ez dituzte gaixotasunik igortzen, eta gaueko animaliak direnez gizakiengandik ihes egin ohi dute; arazo larririk ez beraz", azaldu du Belamendiak.
Aldiz, errekek beren dinamika jarrai dezaten lan handia egiten dutela nabarmendu du Gasteizko hezeguneko teknikariak. "Izan ere, erreketan sortzen dituzten hormek hezeguneen sorkuntza erraztu, uholdeak kontrolatzen lagundu, edota hondakinak errekatik kanpo ateratzen dituzte".