Udalerriko euskaldunen topagune bihurtuko da larunbatean Arraia-Maeztu

Mirian Biteri 2016ko ira. 30a, 11:53

Euskal Jaia antolatzen du bi urtetik behin Ameztik, euskara eta euskal kultura bultzatzeko.

Aparteko berrikuntzarik gabe, baina ekintzaz josita dator berriro ere Euskal Jaia. Arraia-Maeztuko Amezti euskara eta kultura elkarteak "udalerriko euskaldun guztientzako" egun osoa iraungo duen egitarau erakargarria prestatu du.   

Txistulariek emango diote hasiera festari, eta jarraian, pilota norgehiagokak hasiko dira pilotalekuan. Etxeko txikienek, bitartean, puzgarrian gora eta behera ibiltzeko aukera izango dute. Eguerdi partean, herri kiroletan arituko dira euskaltzaleak; betiko moduan, zortzi lagunez osatutako taldeak egingo dituzte, eta froga ezberdinak irabazten dituztenek edari eta pintxo bana jasoko dute, sari moduan.

Kalejira eta txalaparta deiaren ondotik, herri bazkariaren txanda helduko da. Eguraldiak laguntzen badu, kalean egiteko asmoa dute, ikastetxeko arkupetan; eta bestela, pilotalekuan. Txartelak aldez aurretik erosi daitezke Maeztuko okindegian; helduenak 12 eurotan; eta, haurrenak, bost eurotan. Egunean bertan erosiz gero, helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte. Amezti elkarteko kide Alfonso Sanzek menuaren berri eman du: babarrun-jana, entsalada, postrea eta kafea. Horrekin batera, jakinarazi du lehenengo umeek jango dutela, eta gero, gainerakoek.

Bazkalostean izango da zer egin. Umeek puzgarria izango dute berriro ere eskuragai, eta tailerrak ere egingo dituzte. Nagusiek, bitartean, kantuan ibiliko dira, eta baita dantzan ere. Sanzek azaldu du "sorpresatxoa" ere badutela gordeta arratsalde parterako.

Jai giroan elkartu

Laugarren aldia da Arraia-Maeztun Euskal Jaia egiten dutela. Sanzek aipatu du helburua dela "udalerriko euskaltzaleak jai giroan elkartzea", euskara eta euskal kultura oinarri hartuta.

Sortu zenetik, hiru erronka izan ditu esku artean euskara elkarteak: batetik, euskaldunak batzea, euskararen erabilera errazteko topagunea sortuz; bestetik, euskaldun berriak erakartzea; eta hirugarrenik, erakundeekin elkarlana sustatzea, lehen bi helburuak bete ahal izateko. Hori horrela izan dadin, askotariko ekintzak antolatzen dituzte hilero; eta bi urtetik behin, Euskal Jaia.

Euskararen egoeraz ere hitz egin du Sanzek. Honakoa nabarmendu du: "Azken hamarkadan aurrerapausoak eman dira. Zailtasunak zailtasun baina euskara erabiltzen da. Poliki bada ere, egoerari buelta ematea lortzen ari gara".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide