Jarduera fisikoa sustatu nahi du Agurainek herritarren artean

Erredakzioa 2024ko urt. 17a, 18:20
Auzokideen jarduera fisikoa sustatzeko orientazio zerbitzua aurkeztu dute Agurainen. Argazkia: Aguraingo Udala

Aguraingo Udalak eta Osakidetzak jarduera fisikorako orientazio zerbitzua jarri dute martxan, biztanleria aktiboagoa izatea eta jarduera fisikoa sustatzea xede.

Abian da AgurainGO Mugimendua, jarduera fisikorako orientazio zerbitzua. Doakoa izango da Aguraingo herritar guztientzat eta orientatzaile batek, pertsona bakoitzaren aukerak, beharrak eta lehentasunak kontuan hartuta, jarduerarik egokiena identifikatuko du, programa bat proposatuko du eta elkarrekin ezarritako helburuen betetze-mailaren jarraipena egingo du.

Erortzeko arriskua duten pertsonei eta 2. motako diabetes maila altua duten 35-55 urteko emakumeei eskainiko zaie zerbitzua lehentasunez. Hala ere, beste pertsona ez-aktibo batzuek ere erabili ahal izango dute zerbitzua, baldin eta ariketa fisikoa beren aukeren eta beharren arabera egiten hasi nahi badute.

Behin zerbitzua finkatuta, helburua izango da gero eta biztanleria-talde gehiagori zuzenduta egotea, eta Agurainen jarduera fisikoa eta gizarte harremanak sustatzeko hainbat jarduera eta ekintza egitea. Zerbitzua doakoa izango da, orientatzailea Imanol Vicente aguraindarra izango da (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua) eta ordutegia astearteetan 12:00etatik 14:00etara izango da Aguraingo Osasun Zentroan eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara Lezao Kirol Guneko gimnasio batean.

Zerbitzuaren ezaugarriei dagokienez hitzordua norberari dagokion medikuarekin hartu beharko da Osasun Zentroan eta, hala badagokio, orientatzailearengana bideratzeko. Orientatzaileak, elkarrizketa baten bitartez, pertsonaren profila ezagutu eta jarduera fisikoa egiteko dituen lehentasunak, beharrak, interesak edota oztopoak identifikatuko ditu. Azkenik, banakako programa bat eskainiko zaio bere beharrak, aukerak eta udalerriko baliabideak kontuan hartuta. Jarraipena eta ebaluazioa ere egingo da, kasuz kasu, ezarritako helburuak betetzen diren aztertzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide