Istripu larria igande honetako gauean gertatu da A-1 errepidean, Asparreneko udal barrutian, 00:30etik 01:00etara bitartean. Ordu horretan, pertsona batek 112 SOS Deiak zerbitzuta deitu du, errepideko bazterbidetik pertsona bat oinez zihoala ohartarazteko. Handik gutxira, beste pertsona batek jakitera eman du pertsona bat errepidean etzanda zegoela.
Lekura bertaratu diren osasun eta polizia baliabideek egiaztatu dute norbaitek adierazitako pertsona harrapatu duela, eta lekuan ibilgailu baten zatiak zeudela. Berehala, ibilgailua bilatzeko dispositiboa martxan jarri dute. Handik 30 kilometrora, aurreko aldean kalteak zituen lur orotako ibilgailu susmagarri bat aurkitu dute, Gasteizko noranzkoan; besteak beste, argi bat falta zitzaion eta odol arrastoak zituen.
Gidariari alkoholemia probak egin dizkiotenean, odoleko alkohol-tasa baimendutakoa baino askoz ere handiagoa zuela egiaztatu ahal izan dute. Hortaz, atxilotu egin dute, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta sorospen eginbeharra ez betetzea leporatuta.
OHARRA: Hasiera batean, ibilgailua kamioi bat zela jakinarazi du Ertzaintzak, baina beranduago informazioa zuzendu du, lur orotako ibilgailu bat zela argituz.