Iruraiz-Gauna, herri kardio-babestua

Erredakzioa 2022ko abe. 23a, 09:00
Desfibrilagailu bana instalatu dute Iruraiz-Gaunako 11 udalerritan. / Argazkia: ASIER SARASUA

Osasunaren eta, bereziki, bihotz-babesaren alorretan oinarritutako proiektu berri bat jarri du martxan Iruraiz-Gaunako Udalak, udalerria osatzen duten hamaika kontzejuetan desfibrilagailu bana instalatuz.

Proiektu soziosanitario, parte-hartzaile eta komunitarioa da, non Iruraiz-Gaunako herritarrak izan diren proiektuaren ardatz. Udalarekin batera, Bexen Cardio enpresak —Ermuan kokatutako kooperatiba, 40 lagunek osatuta— koordinatu du proiektua, 24 orduz erabilgarri egongo diren desfibrilagailuak instalatuz, formakuntza jaso duten boluntarioen erreskatatzaile sare bat sortuz eta bihotz-biriken geldialdi bat emanez gero biktima ahalik eta bizkorren artatzeko herramintak erreskatatzaileen eskura jarriz.

Hamaika desfibrilagailu

Instalatutako desfibrilagailuak kalean jarri dira, 24 orduz erabilgarri eta eskuragarri egon daitezen. Izan ere, erantzuteko azkartasunak biktimaren suspertzeko aukerak nabarmen areagotzen ditu. Bihotz-biriken geldialdi bat jasan duen pertsona batek bizirik irten ahal izateko, sei minutu igaro baino lehen artatu beharra dago. EAEn, 2018ko datuen arabera, anbulantzia batek batez beste hamaika minutu behar ditu biktimarengana heltzeko. "Desfibrilagailuak kalean instalatzeko erabakia hartzerakoan datu hori erabakigarria izan zen", azaldu dute ekimenaren sustatzaileek.

70 erreskatatzaile

Udalak desfibrilagailuaren eta bihotz-biriken bizkortzean oinarritutako doako formakuntzak jarri ditu herritar guztien eskura, eta formakuntza horiek harrera oso ona izan dute, 70 boluntarioz osatutako erreskatatzaile sarea sortu baita.

Boluntarioek jaso duten formakuntzak hiru ordutakoak izan dira, eta instalatutako desfibrilagailuak nola erabiltzen diren eta bihotz-biriken bizkortzean oinarritu dira. Gainera, praktika errealitate birtualaren bidez egiteko aukera izan dute.

Aplikazioa

Bukatzeko, erreskatatzaile komunitatea osatzen duten 70 lagunei Reanibex Alert aplikaziora sarbidea eman zaie desfibrilagailuekin konektatuta egon daitezen. Reanibex Alert aplikazioak, bihotz-biriken geldialdi baten aurrean, erreskatatzaileen sarera bideratuko ditu alertak, gertaeraren berri emateko eta haien parte-hartzea koordinatzeko, baita puntu geografiko zehatza koordinatzeko ere, geolokalizazioaren bidez. Modu horretan, erreskatatzaileak biktimarengana joango dira ahal den neurrian lagundu ahal izateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide