Manta azpiko zinema jaialdia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko abe. 7a, 08:56
Zinema jaialdia izango da asteburuan Maturan. MATUZINE

Matuzine-Aitzurra Fest lehen landa eremuko zinema jaialdia antolatu dute Maturako bizilagunek; abenduaren 9an eta 10ean izango dira proiekzioak eta zine zuzendariekin solasaldiak, herriko elizan.

"Manta eramateko". Horixe da Matuzine-Aitzurra Fest zine jaialdiko antolatzaileek gonbidatuei luzatu dieten gomendioa. Izan ere, abenduaren 9an eta 10ean egingo duten lehen landa eremuko zinema topaketa Maturako elizan izango da, eta bertan berogailurik ez baitago. "Saiatuko gara bero-kanoi batekin eraikina epeltzen, baina badaezpada ere, hobe etxetik manta ekartzea".

Iñaki Carretero ipuin kontalaria eta Maturako bizilagunak azaldu duenez, aspaldian zerabilkiten amets bat egi bihurtzeko erabakia hartu dute herriko bizilagunek: landa eremuan eta landa eremuari buruz zinema jaialdi bat antolatzea. Udazkena aukeratu dute ametsa egutegian paratzeko, "uda partean jai eta ekitaldi ugari antolatzen direlako"; eta tokia bilatzeko orduan, berriz, herri txikian dagoen espazio handiena aukeratu dute: "Elizan egingo dugu, aspaldian bezala, aulki ez oso erosoetan. Halere, pantaila handia, proiektorea eta soinu ekipoa izango ditugu".

Abenduaren 9an, ostiralean, Matuzine-Aitzurra Fest jaialdiaren lehen proiekzioa eta solasaldia egingo dira. Kuartangoko bizilagunek ekoiztu eta sortu zuten Algo mas que morir, western proiektatuko dute, eta ondoren, lehen euskal westernaren inguruan Maider Oleaga zine zuzendariak egin duen Kuartk Valley dokumentala aurkeztuko dute. Gainera, Oier Martinez de Santos kuartangarra eta euskal westernaren zuzendaria izango dute solasaldian. "Geurean ez dira egongo palomitak baina bai salda, txokolate eta aniseko erroskillak", esan du Carreterok.

Larunbatean, abenduaren 10ean, Amama pelikula eta Artalde eta Topeka film laburrak proiektatuko dituzte Maturako elizan, 19:00etatik aurrera, eta ondoren, Asier Altuna zuzendariarekin solasaldia egingo dute. Txokolatearen ordez, patata tortillak, gazta eta txorizoa prestatuko dituzte bizilagunek herriko txokoan jaialdiari agur esateko.

Carreterok azaldu duenez, Altunak zein Martinez de Santosek prestasun osoa agertu dute lehen landa eremuko zinema jaialdian parte hartzeko, eta gainera, pozik hartu dute ekimenaren berri. Maturako 42 lagunek ere jaialdiaren prestaketan gogoz parte hartu dute, eta Matuzine-Aitzurra Festaren bigarren edizioa buruan dute jada. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide