Kuartangon piztu da Herri Txikien Akademia

Erredakzioa 2022ko ira. 13a, 19:00
Kuartangoko Kuartangolab gunean izan da lehenengo saioa. / Argazkia: EUSKO IKASKUNTZA

Eusko Ikaskuntzak martxan jarri du Herri Txikien Akademia proiektu pilotua, Kuartangon egindako lehen saio batekin. Irailean eta urrian zehar, Zalduondon, Bernedon eta Laudion izango dira hurrengo saioak.

Kuartangolab gunean abiatu da Herri Txikien Akademiaren lehenengo ekimena, Arabako landa eremuko ekintzaile eta eragileen eskutik, inguruko herritarrekin batera. Saioa 17:00etatik 19:00etara luzatu da, landa eremuko ekintzailetza eta enplegua hizpide. Eusko Ikaskuntzak sustatu du proiektu pilotua, Arabako Foru Aldundiarekin eta Vital Fundazioarekin batera.

2021ean landutako Landa eremuko ekimen sozioekonomikoak txostena ezagutu eta praktika onen kasuak aztertu dituzte saioan, jarraian elkar truke eta ko-sorkuntza dinamika bizi bati ekiteko. Txostenaren arabera, gaur egun, landa eremuan batez ere, zuntz optikoaren ezarpenarekin eta eredu energetikoaren aldaketaren bizkortzearekin bizi den errealitate aldakorrak proiektu berrien sorkuntza bultzatu du.

Ondorio nagusien artean, hurrengo hauek jaso dira: ekintzaileek, jarduera abian jarri ez ezik, landa eremuan garatzeko hautua ere egiten dute; eskarmentuko pertsonak dira, familia-ohitura edo lan-ibilbidea dela medio; ekimenek landa eremua biziberritzea dute helburu; proiektuak gehienetan estruktura txikikoak dira edo pertsona bakar batek gidatutakoak; proiektuen lidergoaren osotasunean eskarmentu nahikoa ez dago; zailtasun ugari bere eremu gertuan beharrak asetzeko eta sareak eta autogestioa gakoak dira; IKTen erabilera handia da; trantsizio energetikoko eta elikadura subiranotasuneko proiektuek harrera ona dute landa ingurunean; jarduera kokatzeko espazioa izan eta etxebizitzarako sarbidea izateko zailtasun asko; eta, Administrazioak baliabide ekonomiko eta tekniko ugari eskaintzen dituzte landa garapeneko proiektuak sortzeko.

Hurrengo saioak

Lanketak hurrengo egunetan jarraituko du. Hitzorduak 17:00etatik 19:00etara izango dira:

  • Irailaren 20an Zalduondon (Lazarraga Kultur Gunean): belaunaldi arteko dinamikak eta bizitza komunitarioa.
  • Irailaren 27an Urturin (Bernedo - Izki Golfen): etxebizitza landa eremuan eta egitasmoak finkatzeko espazioak.
  • Urriaren 6an Laudion (Aiaraldea Ekintzen Faktorian): saio bateratzailea, non Herri Txikien Akademiaren aurkezpena egin eta aurreko saio bakoitzaren ondorioen bilketa egingo den.

Interesa duen ororentzako izena emateko epea zabalik da dagoeneko Eusko Ikaskuntzaren webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide