Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, asteazken honetako 16:00ak aldera, lur orotako bi ibilgailuk talka egin dute A-1 errepidean, Agurain inguruan. Horietako bat iraulita geratu da, eta errepidea erabat itxi behar izan dute Gasteizerako noranzkoan.
Lehen istripu horren ondorioz, gizonezko bat zauritu da eta Txagorritxuko ospitalera eraman dute. Ordu erdi geroago errei bat irekitzea lortu duten arren, bost kilometroko auto-ilarak sortu dira. Azkenik, 18:30ak pasata, bidea irekita geratu da.
Hala ere, sortutako auto-ilaretan, Donemiliaga parean, beste istripu bat gertatu da kamioi baten eta auto baten artean. Bigarren istripu horretan hiru pertsona zauritu dira, eta Txagorritxu eta Santiago ospitaleetara eraman dituzte.
20:00etan errei bat itxita dago trafikoarentzat, ibilgailuak kentzeko eta galtzada garbitzeko lanak amaitu arte.