Axpuruko eguneko zentroa noiz irekiko zain daude

Mirian Biteri 2021ko api. 5a, 10:00
Axpuruko basozainaren etxean jarriko dute eguneko zentroa. ERIKA LETAMENDI

Diputazioarekin hitzarmena sinatzeko zain jarraitzen dute Donemiliaga, Zalduondo, Barrundia eta Asparreneko Udalek.

Donemiliagako alkate Erika Letamendik azaldu du irailean Arabako Batzar Nagusietako Gizarte Zerbitzuen batzordean egon ostean, Foru Aldundiaren "berririk gabe" jarraitzen dutela, eta, hortaz, zerbitzu horren irekiera "inolako justifikaziorik gabe atzeratzea" leporatu dio.

Aspalditik datorren auzia da Axpuruko eguneko zentroarena. Letamendik gogorarazi du, 2017. urtean, Barrundiako Udalak txosten bat egin zuela eta ondorioztatu zuela Lautadan zeuden egungo zentroak bertako nagusientzako urrun gelditzen zirela eta inguruan eguneko zentro bat zabaltzeko beharra zegoela. "Diputazioarekin elkartu zen orduan eta foru erakundeari proiektu bideragarria izan zitekeela iruditu zitzaion", azpimarratu du Letamendik.

50.000 euroko obra

Axpuruko kontzejuak dirulaguntza bitartez berritutako basozainaren etxea kokapen "egokiena" izan zitekeela ikusi zuen gerora; kontzejua bera prest egongo litzateke eraikina zeregin horretarako lagatzera. 2019ko otsailean Diputazioko ordezkariek eraikina bisitatu zuten. "Eraikinak eta kokapenak sentsazio atsegina sortu zien GOFEko eta Aldundiko ordezkariei; izan ere, zaharberritutako eraikinak berak ukitu txikiak behar zituen martxan jartzeko", azaldu zuen Asparreneko alkate Txelo Auzmendik irailean Batzar Nagusietan egindako agerraldian. 

Hain justu ere, igogailua jarri, komun bat egokitu eta altzariak erostea baino ez zen behar. Letamendik adierazi du horren gaineko proiektua eginda dagoela eta obra horiek egin ahal izateko aurrekontua 50.000 euro ingurukoa dela. "Hala ere, orduz geroztik Donemiliagako Udaletik egindako eskaera eta errekerimendu guztiak ukatu egin dira, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak eta Udalak eguneko arreta zentro hori kudeatzeko sinatutako hitzarmenik ez dagoela argudiatuta", salatu du.

Zazpi erabiltzaile

Alkateak gaineratu du foru teknikariek ingurunean eguneko zentro baten beharrik ez dutela jakinarazi dietela, eta bertako udal ordezkariak ez daudela horrekin ados. Horretarako, eguneko zentroa erabiltzeko interesa dutenenekin zerrenda bat egin dute: "Aurreikuspenen arabera, hamar plaza izango ditu eta dagoeneko zazpi erabiltzaile ditugu. Aurreko astean bilera bat izan genuen Diputazioan eta hori bera jakinarazi genion. Baina, oraindik ere, ez dakigu zer gertatuko den", aipatu du Letamendik. Dena dela, iragarri du proiektua aurrera ateratzeko beste bide bat bilatzen hasi direla: "Horretarako dirulaguntza eskatu dugu Jaurlaritzan". 

Erakundeetan erabakiak hartzen ez diren bitartean, Barrundia, Donemiliaga, Zalduondo eta Asparreneko Gordoa eta Arriola herrietako bizilagunek zentroa martxan jartzeko zain jarraitzen dutela kritikatu du. Gaur egun, herri horietan 75 urtetik gorako 200 lagun inguru daude eta Dulantzi, Agurain eta Asparreneko zentroetara bideratzen dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide