Covid-19aren eraginari aurre egiteko eta tokiko kontsumoa sustatzeko asmoz, deskontu bonuen hainbat kanpaina jarri dituzte martxan hilabeteotan Lautadan. Dulantziko Udalak, adibidez, 15.596 bono jarri ditu herritarren esku, Gabonei begira, bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuei laguntzeko helburuarekin.
Bi bono mota eskaintzen dituzte: alde batetik, merkataritzan eta bestelako zerbitzuetan gastatzeko bideratutakoak; eta bestetik, tokiko ostalaritzari laguntzekoak. Hala, 45 euroren truke, 60 euroko erosketak egin ditzakete herritarrek.
Bonuak honako tokietan eskura daitezke: abenduaren 23ra bitartean eta urtarrilaren 7tik otsailaren 28ra arte, herriko kultura etxean banatuko dira; eta abenduaren 28tik urtarrilaren 5ean, berriz, udaletxean topatuko dituzte herritarrek.
Deskontuak askotariko tokietan erabil daitezke, denera, 19 establezimendu eta bost taberna animatu direlako kanpaina horretan parte hartzera: besteak beste, supermerkatuak, okindegiak, botika, koltxoi dendak, karrozeria, autoeskola eta albaitari eta gasolindegi bana ere badaude egitasmoarekin bat egiten dutenen zerrendan.
Agurainen, agortuta
Beste alde batetik, Aguraingo Udalak eta Lautada Bizirik elkarteak elkarlanean, Agurain bono kanpaina jarri dute abian, abenduan eta urtarrilean tokiko ekonomia berrindartzeko asmoarekin. Herritarren eskura jarri eta egun gutxitan, baina, agortu egin dira 1.200 bonuak.
Kasu honetan, urtarrilaren 31ra arte gastatu ahal izango dira 15 euroko prezioan eskuratutako bonuak; horiekin 20 euroko erosketak egin ahal izango dira atxikitako establezimenduetan. Sustatzaileek ohartarazi dute erosketa bakoitzaren zenbatekoa, gutxienez, 20 euro izan behar dela bonu bakoitzeko.
Merkatarien egitasmoan parte hartzen duten establezimenduen zerrenda osoa www.agurain.com webgunean kontsultatu daiteke.