Agurainen, esaterako, bertso saioa, antzezlan musikatua eta horma-irudi baten margotzea izan dituzte dagoeneko, eta datozen egunotarako ere hainbat ekintza dituzte aurreikusita. Gaur, apirilak 7, Korrika Txikia egingo dute. Antzerkiarekin eta musikarekin lagunduta egongo da hori.
Apirilaren 8an ez dute atsedenik izango. Goizean herria apainduko dute, arratsaldean etorriko denari begira: Korrika heldu aurretik, kalejira musikatua eta zirku tailerrak izango dituzte, eta ondoren, txokolate beroa, zezen-suzkoa, pintxoak eta sagardo kupela eta Aguraingo musikazaleek antolatutako flashmooba.
Asparrena
Antzera ibiliko dira gainerako herrietan ere. Asparrenean egitarau berezia prestatu dute martxoaren 31tik apirilaren 8ra arte. Gaur goizean, Korrika Txikia dute neska-mutikoek, eta 8an, Korrika heldu aurretik, kalejira musikatua eta umeentzako jarduerak. Gauean, gaztetxean egingo dituzten kontzertuekin emango diote amaiera.
Dulantzin eta Barrundian
Dulantzin, bestalde, Korrika jaia dute hilaren 8an: musikala, dantza plaza, pintxoak eta txaranga ibiltaria antolatu dituzte, besteak beste.
Barrundian, azkenik, ipuin kontalaria dago gaur, Ozetan. Pasa den martxoaren 12an egin zuten han lasterketaren aldeko festa.