alea.eus

Henaioko kastroa sustatzeko konpromisoa hartu dute

Mirian Biteri 2017-03-12 07:56   Kultura  Lautada  Dulantzi

Burdin Aroko herrixka ezagutarazteko lehen neurria 'www.alavaturismo.eus' webgunean eskaintzea izango da.

Arabako Diputazioak eta Dulantziko Udalak elkarlanean jardungo dute Henaioko kastroko gune historikoaren balio turistikoa ezagutarazten. Lehen neurria baliabide turistikoa www.alavaturismo.eus atarian eskaintzea izango da, herrixkaren jatorriari buruzko informazioa eskainiz eta interpretazio gunea eta herrixka zahar horretako biztanleen bizimodua birsortzen duten bi etxebizitza ikusteko aukera emanez.

Aste honetan izan da Turismo Sustapeneko diputatu Cristina Gonzalez kokaleku hori ikusten, Dulantziko alkate Joseba Garitagoitia ondoan zuela. Egungo turismo azpiegiturez eta bertan sustatu daitezkeen ekintza eta jarduera didaktikoez hitz egin dute bisitan, horiek hobetzeko eta aberasteko asmoz.

Henaioko kastroa izen bereko muino gainean dago, Dulantzitik kilometro gutxira. Azken Brontze  Aroan eta Burdin Aroan zehar bertan bizi ziren jatorri zeltiberiera eta erdialdeko Europako familien bizimodua azaltzen diete bisitariei. Ondoan dauden bi etxebizitza ikustearekin batera, markatuta duen txango txikia ere egin dezakete, berreraikitako harresiak bisitatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa