Dulantzik ere badu aurrekontu berria. Pasa den hilean egindako osoko bilkuran 4.805.879 milioiko proiektua onartu zuten aho batez udal ordezkariek. Iazkoarekin alderatuta handiagoa da aurtengoa; milioi bateko aldea dago bien artean.
Dulantzi kalea guztiz berritzeko erabiliko da diru kopuru horren zati gehiena; zehazki, 853.596 euroko kostua du obra horrek. Proiektua dagoeneko idatzita dago, eta baita Diputaziora bidalita ere. Horren oniritziaren zain daude, lanak lehiaketara atera ahal izateko. Maiatza edo ekainerako nahi dituzte esleitu; hiruzpalau hilabetez luzatuko dira lanak.
Proiektu garrantzitsu horrez gain, askotariko inbertsioak egitea adostu dute elkarlanean udal gobernuak, gainerako talde politikoek eta herritarrek. Beste askoren artean, skate pista berria, kiroldegiko berritze lanak, konpostajea edo Egileta herriko gizarte etxeko berokuntza sistema egokitzeko partidak aurreikusi dituzte. Bestetik, erretiratuentzako gune berria ere egingo dute urte honetan zehar. Jaione Ibisate zinegotziak azaldu du irisgarritasun arazoak daudela gaur egungo egoitzan, eta horiek saiheste aldera, Udalak kale nagusian duen aretoa goitik behera egokitu eta erretiratuentzako gunea prestatuko dute.
Aurtengo inbertsioak:
- Dulantzi kalea berritzea: 853.596 euro.
- Erretiratuentzako gune berria egokitzea: 90.000.
- Hornidura sarea hobetzea: 50.000.
- Kiroldegiko berritze lanak: 34.681.
- Ikastetxeko obrak: 30.988.
- Futbol zelaiko berritze lanak: 20.000.
- Garbiketarako ibilgailua: 20.000.
- Konpostajea: 19.000.
- Herriguneko sarbideak: 18.049.
- Haurreskolako obrak: 15.000.
- Henaioko interpretazio gunean hobekuntzak: 12.000.
- Skate pista: 10.000.
- BEPB (PERI) berrikustea: 10.000.
- Egiletako berokuntza sistema: 10.000.
- Wifi sistema hobetzea: 10.000.