alea.eus

Objektu eta zerbitzuak trukatu ez ezik, elkartasuna ere sustatu dute Arrietan

Naiara Lpz de Uralde 2016-11-24 09:17   Gizartea  Lautada  Iruraitz-Gauna

Iruraiz-Gaunako udalerrian egin dute laugarren Truke Azoka; Lautadako herrietatik 40 lagun inguru gerturatu dira bertara.

 

Objektu eta zerbitzuak trukatu ez ezik, elkartasuna ere sustatu dute Arrietan
Joan den igandean laugarren Truke Azoka ospatu zuten Arrietan. | Leticia Ruiz de Gauna | Ikusi handiago | Argazki originala

Arropa, liburuak, jolasak edota norberaren denbora. Pasa den igandean Arrietako txokoan egindako azokan edozer gauzak balio zuen trukerako, baita amaieran guztien artean egindako meriendak ere. 

Truke Azoka hau sortzearen ideia antolatzaileak etxean garbiketa lanak egiten zeudela jaio zen. "Ez genituen zakarrontzira bota nahi gehiago erabili behar ez genituen gauzak, eta horregatik, besteek zuten objektuekin ordezkatzea ideia ona zela iruditu zitzaigun", azaldu du Leticia Ruiz de Gaunak, egitasmo honen antolatzaileetako batek.  

Baina ondasunen eta zerbitzuen trukea ez ezik, azoka honek bizilagunen arteko elkartasuna sustatzea ere bilatzen du. "Trukea zuzenean egiten da, bitartekaririk gabe, eta pertsona batek baino gehiagok objektu bera nahi izatekotan adostasunera iritsi behar dira", nabarmendu du. Modu horretan, trukeari balio sinbolikoa ematen diote, eta ez kapital-baliorik. 

Trukegaiak

Partaide bakoitzak nahi dituen gauza guztiak eraman ditzake azokara; baldintza bakarra objektuak egoera onean egotea da. "Orain, negua ate joka dugula, zalantzarik gabe gehien trukatzen dena arropa izan da. Lehen liburuek ere arrakasta handia izaten zuten, baina azkenaldian, liburu elektronikoaren etorrerarekin papera alboratuta geratzen ari dela dirudi", azaldu du Ruiz de Gaunak.

Hala ere, jantziak edota liburuaz gain, azoka honetan denetarik topatu daiteke. "Motozerra bat, koltxoiak, edota peleta egiteko makina bat ere izan dugu hemen", adierazi du. 

Denborari dagokionez, kredituak ordubetekoak dira, baina normalean, "jendeari euren denbora saltzearena gehiago kostatzen zaio", onartu du antolatzaileak.

Funtzionamendua

Azokan bakoitzak bere mahaia dauka, eta jendea txoko batetik bestera doa zer dagoen begiratzen. Orduan, partaideek trukegai guztiak ikusi dituztenean, negoziazioak hasten dira. Eta amaieran, sobera geratzen diren gauzak Aguraingo Alai elkarteari ematen dizkiote, "etorkinen integrazioa errazten lan egiten jarrai dezaten". 

Gero eta haur gehiago

Egitasmo honetara gero eta ume gehiago gerturatzen da, eta haiek ere trukearen funtsa zein den azkar ikasi dute. "Urtean zehar trukerako erabiliko dutena gordetzen dute, eta azoka egunean, hasieran beraiena dena besteei ematea kostatzen bazaie ere, gero badakite horren ordez beste zerbait lortuko dutela, beraz konforme geratzen dira", esan du Ruiz de Gaunak. 

Gauzak horrela, egitasmo honek gero eta jarraitzaile gehiago ditu. "Arratsaldeko bostetan iritsi naizenean jendea atea irekitzeko zain zegoen!", esan du barrezka. "Gainera, bakarrik ikustera gerturatu direnek ere, azkenean, korrika bere etxera itzuli behar izan dute trukerako erabiliko zuten zerbaiten bila". 

Hortaz, egitasmo honek izandako arrakasta ikusita, antolakuntzatik hemendik hiru edo lau hilabete barru berriro beste azoka bat egingo dutela ziurtatu dute. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa