Kuadrillako merkataritza eta ostalaritza sustatzeko lanetan, 25 urte bete ditu Lautada Bizirik! elkarteak eta, urtemuga ospatzeko, bideo lehiaketa bat aurkeztu dute. Erosketa Alaiak izeneko egitasmoaren bitartez, Lautadako denda txikietan erosteak dituen abantaiak eta onurak jaso beharko dituzte bideoan.
Gehienez ere bi minutuko bideoa izan behar da; bertan, Kuadrillako dendetan erosteko arrazoi bat azaldu behar dute egileek, eta herrietako denda txikien egunerokoa erakutsi beharko dute. Hala, nahi izanez gero, inguruko dendak agertzen diren argazki edota erreportajeak ager daitezke ikus-entzunezkoan. Urte amaiera arte izango da bideoa aurkezteko aukera, Agurainen Lautada Bizirik elkarteak duen helbidera bidalita, –Langarika pasealekua, 4–. Bideo originalena eta sormen lan bereziena egiten duenari saria emango diote. Tablet bat izango du opari eta merkataritza elkartearen sare sozialetan ikusi ahal izango da lan hori; gainera, Agurainen emango dituzten pelikulen aurretik ere eskainiko dute komtsumoaren inguruko bideoa. Lehiaketaren inguruko argibide guztiak, halaber, elkartearen webgunean eta Facebook eta Instagram kontuetan ere jarraitu daitezke.
"Gure helburua da izan daitezkeen bezero posibleak erakartzea, eta bertako zerbitzuek kalitate kalitate eta barietate handia eskaintzen dutela ikusaraztea; ezinbesteko zerbitzua eskaintzen dute denda hauek", azaldu dute elkarteko kideek.