Iritzia

'Cocaine Bear'

Erabiltzailearen aurpegia Iker Zabala 2023ko mai. 12a, 09:00

Arg: 'Cocaine Bear'.

"Guregana iristen da produktu zintzo gisa, gure arreta jaso eta diberti gaitezen"

Pelikula batzuen aurrean ludikotasunaren aukera baino ez zaio geratzen ikusleari. Filmaren sustrai eta jatorrietan ez dago pretentsio filosofiko eta handinahikeria hutsalik, guregana iristen da produktu zintzo gisa, gure arreta jaso eta diberti gaitezen. Horrela esanda erraza ematen du, baina gure gozagarri izatea, bidetik aurkituko ditugun akatsak barkatzeraino ez dago "kontsumo errazeko" pelikula guztien eskura. Cocaine Bear filman hala gertatzen da, hastapen ideia zoragarria da, eta izango duen garapen dramatikoa nabarmenegia eta sinesgarriegia izango ez bada ere, baso hartan gertatzen direnek dena jolas parke zeharo zirraragarri bilakatuko dute.

Georgiako baso ederrean hegazkinez doan trafikatzaileak  kokaina kargamentua botako du. Hartz erraldoi batek droga aurkitu eta jatean bere jarrera erabat bihurrituko du, eta animalia era biolento eta basatian jokatzen hasiko da. Basoan diren naturzale, nerabe, basozain, narko eta poliziak, hala, kokainaren eraginpean dagoen hartz beldurgarriaren erasoaren mehatxupean egongo dira (nola edo hala, benetako gertakariak daude istorio xelebre honen oinarrian). Elizabeth Banksek aipaturiko elementu hauek baino ez ditu baliatuko pelikula sostengatzeko. Eta iradoki dugu pelikulak duen arazo nagusia, izan ere, pertsonaiak beharrezkoak dira, baina errelato koralak akzioa gehiegi banatzea ekartzen du, minimoa bada ere pertsonaia bakoitzak bere garapena behar duelako. Pertsonaia denak dramatikoki ahulak eta elkarrizketak ere dezente traketsak izango dira. Egia esateko, hartza falta den bakoitzean noiz agertuko desiratzen egongo gara. CGIz sortua (kalitate tekniko dezente onez, nahiz eta kasik B serieko pelikula merketzat har daitekeen), bere agerpenek pantaila irentsiko dute, fisikoki beldurgarri eta aldi berean komiko suertatzen delako, eta hitzik esan gabe pertsonaia interesgarriena delako era argian: nolabaiteko survival horror puntu bat duen pelikulan, mehatxua eragiten duen subjektu horretan ez dago gaizkiaren inolako zantzurik. Are gehiago, bere perbertsioa, bere naturaren aurkako jokabidea, gure erruz gertatuko da, gizakiok gure bizioak asetzeko sortu dugun droga honen bitartez. Bere abstinentzia-sindromeak eragingo dion jarrera basati eta bortitzak akaso biktima gisa ulertzeko bide emango liguke. Esan dezagun zubia eraiki litekeela, distantziak mantenduta, King Kong-en tximino erraldoiarekin.

Jakina, bisualki pasarterik boteretsuenak hartzarekin erlazionatuta daude. Gizakiak arboletara igota dauden eszena, eta batez ere anbulantziari egingo dion jazarpenekoan erakutsiko du Banksek erritmo eta indar bisualerako talentua. Kokaina gose ase-ezinez dagoen hartz honek sortuko duen triskantza odoltsuaren istorioa ez da akaso jakintsuago egingo gaituen filma, baina dibertsio eta gozamen fisikoa ere bada zinearen funtzio, eta honek badaki dagozkion tresnak erabiltzen.

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide