Iritzia

Zeledonen generoa

Arg: Pixabay

Baina "tradizioaren defendatzaileek" argudiatu dute hori beti horrela izan bada, ezin dela aldatu.

Haurra nintzenean eta etxean gurasoekin bizi nintzenean, opariak Olentzerok eta Errege Magoek ekartzen zizkidaten. Olentzerok oparirik handiena zekarren, eta Errege Magoek detailetxoren bat. Ez nuen pentsatzen ekartzen zidana gizona ala emakumea zen. Gutuna idazten nuen, nire oparia uzten zidaten eta ni zoriontsu.

Duela urte batzuk, Mari Domingiren figura sortu zen. Hasiera batean, batzuek esaten zuten bere emaztea zela, bere laguntzailea... Baina gaur egun zeregin propioa eta independentea du. Niri festa hauek asko gustatzen ez zaizkidan arren, ulertzen dut opariak banatzerakoan bi generoetako irudiak egoteak duen garrantzia. Hala eta guztiz ere, oraindik badira aldaketa horien aurrean erresistentziak dituzten pertsonak.  

Euskal Herriko neguko jaietan eman diren pausuak ezin izan dira Errege Magoekin egin. Horri dagokionez, proposamen asko egin dira: berdin deitzea baina emakumeak eta gizonak egotea hiruren artean, sei izatea (hiru emakume eta hiru gizon), hain genero nabarmena ez izatea... Baina "tradizioaren defendatzaileek" argudiatu dute hori beti horrela izan bada, ezin dela aldatu. Asmatutako pertsonaiak berrasmatzerik ez balute bezala. Eta gauza bera gertatzen da Irunen eta beste herri batzuetan alarde ezberdinekin. Azkenean, beti daude erresistentziak emakumeei rol protagonistak emateko. Zorionez, gero eta gutxiago dira.

Horregatik, garrantzitsua da Gasteizen Zeledon emakume izateko aukera zabaldu izana. Ez du axola jaiak hasi zituenaren generoa, edo protagonista benetakoa edo asmatua izatea, garrantzitsuena da genero guztietako pertsonek eraman eta gozatzen ditugula jaiak, eta emakume batek rol protagonista hartu ahal izatea funtsezkoa da. Erabaki honekin Gasteizen urrats bat eman dugu berdintasunaren alde.

Txema Tocino.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide