Iritzia

Gasteiz antzokia: ikusiko ote dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Txema Ramirez de la Piscina 2024ko mar. 17a, 16:00
Argazkia: ALEA

"Ez. Ez da zilegi. Ez da ulergarri. Ez da onargarri. Azken hogei urteotan euskalgintzak jarri du dena egitasmo hau aurrera eramateko: lana, kemena, materia gris osoa…"

Joan den astean jalgi dira plazara. Arabako Euskalgintzako hamahiru kolektibok ozen jo dute aldaba. Gasteiz Antzokia —ofizialki Izaskun Arrue kulturgunea— egitasmoa jasaten ari den atzerapen etengabeak direla eta, garbiro mintzo dira: "Ezin da aitzakia gehiagorik onartu; bihar berandu izango da, beraz, gaur nahi ditugu ate horiek gurutzatu, bertan bizi eta lan egiteko".

Behin baino gehiagotan ekarri dugu auzia berripaper honetara. Oker ez banaiz, nire kasuan bederen, hiru aldiz aipatu dut gaia. Eta orain arte ez da, Gasteizko udal gobernuaren aldetik, inolako azalpen sinesgarririk eman. Behin eta berriz ematen diren epeak urratu egiten dira. Ez dira betetzen. Hasieran, eraikina amaitu behar zela, gero eragozpen burokratikoak gainditu behar zirela… Kontuak kontu eraikina —Ruiz de Bergara jauregia— 2022ko irailaz geroztik amaituta dago. Lazarraga kultur elkarteak —lehiaketa publiko bitartez espazioaren kudeaketa bereganatu zuen erakundeak— 2023ko ekainaz geroztik prest du programazioa. Eginda zeuzkan kontaktu guztiak talde zein kultur eragile desberdinekin espazioa lehenbailehen abian jartzeko. Eta… ezin. Eragozpenak bata bestearen atzetik katramilatu dira eta espazioa oraindik itxita dago. Eta okerrago dena, oraindik ez dago garbi noiz irekiko den. Ikusitakoak ikusita, zenbait gogoeta egitea guztiz beharrezkoa dela iruditzen zait.

Zergatik atzerapen hauek? Batzuekin eta besteekin hitz egin eta gero, den-denak bat datoz esatean funtsean interes falta dela, utzikeria hutsa. Demagun horrela dela; interes eza alegia. Jokabide hori ez da zerbait hutsala edo neutroa. Ez. Horren atzetik jarrera politiko bat dago. Norberaren agenda politikoa markatzerakoan, lehentasunak seinalatzerakoan, asmo batzuk nagusitzen dira eta beste batzuk alboan geratzen dira. Izan ere, bai aurreko legealdian —Gorka Urtaran alkatea buru zela— baita oraingo udalbatzarekin ere (Maider Etxebarriarekin), udal gobernuak beti azpimarratu du kulturgune hau abian jartzeko asmoa zuela. Are gehiago, 2023an PSE eta EAJ alderdiek onartutako programan, hauxe agertzen zen: Izaskun Arrue Kulturgunea euskal kulturaren erreferente bilakatzea.

Ez erreferente, ez efiziente, ezta kontsekuente ere. Izaskun Arrue Kulturgunea ez da ireki. Erabaki politiko horren ondorioak nabarmenak dira: Oihaneder Euskararen etxeak 2022ko uztailean bere ateak itxi zituenetik (kulturgune berriari lekukoa emateko asmoz), Gasteizek eta Arabak kulturgintzarako, euskalgintzarako eta arte eszenikoetarako eremu erreferentzial euskaldun bat galdu dute. Badira, noski, bestelako eremu eszenikoak. Kontzertuak eskaintzen dira, jakina, baina Oihaneder zen eremu ikoniko eta magiko hura desagertu egin da. Sorleku bat joan eta bere ordez ez da berria etorri. Kulturgune berria kontzertu-leku baino askoz gehiago izango da: euskalgintzako eragileen topaleku, euskaltzaleon biltoki, jateko, edateko eta dantzatzeko eremu bat, etorkizuneko ametsen faktoria… Euskal unibertsoa irudikatzeko modu bat.

Kulturgune berria kontzertu-leku baino askoz gehiago izango da: euskalgintzako eragileen topaleku, euskaltzaleon biltoki, jateko, edateko eta dantzatzeko eremu bat, etorkizuneko ametsen faktoria… Euskal unibertsoa irudikatzeko modu bat.

Ez. Ez da zilegi. Ez da ulergarri. Ez da onargarri. Azken hogei urteotan euskalgintzak jarri du dena egitasmo hau aurrera eramateko: lana, kemena, materia gris osoa… Udal agintariek adierazpen biribilak baino ez dituzte egin. Bizkitartean, hor jarraitzen dute Lazarraga kultur elkarteko langileek egunero lanean, egoera ezin estuagoan, baina hala ere, esleitu zitzaien zeregina zintzo asko betetzen. Ez dute baimenik ezta amaituta dagoen eraikin berrira lanera joateko ere.

Datorren astelehenean Korrika etorriko da Gasteizera. Seguru nonbaiten agertuko direla udal agintariak, petoa ongi asko lisatuta, argazkian agertzeko pronto. Ederto. Baina Gasteiz eta Arabako euskaltzaleok argazkiak baino zerbait gehiago eskatzen dugu: ekintza errealak, argiro mintzatuko diren espazioak.

Lazarraga kultur elkarteak baldintza egokiak behar ditu, bere lana aurrera ateratzeko bermeak, bere zereginak modu duinean gauzatzeko leku egoki bat. Bestela, agian, bere pazientzia ere agortuko da. Nork gauzatuko du orduan Izaskun Arrue kulturgunea? Nork? Maider Etxebarriak?

Joan den astean, gai honen kontura Karmele Jaio idazle gasteiztarra ere plazara atera da. Bereak dira ondorengo hitzak: "Zain gaude (…). Euskarak eta kulturak bere lekua merezi dute. Eta ziur naiz laster bihurtuko dela errealitate hainbeste aldiz amestu duguna. Borondateak mendiak mugitzen ditu, zailtasunen gainetik ibiltzen daki eta borondateak. Gure hirian euskara eta kulturaren alde hainbeste jende omentzeko eta gogoratzeko modu bat ere izango da euskarak eta kulturak bere habia izatea, bere etxea. Euskarak merezi du. Kulturak merezi du. Gasteiztarrek merezi dute".

Bat nator Karmelerekin. Baikortasunez heldu dio berak egoerari. Hala izan dadin, pauso eraginkorragoak behar dira. Eta Jaiok dioen bezala, borondatea behar da. Jarrera politiko argi bat. Eta ez axolagabekeria.

Korrikan edo Euskaraldian oso erraza da petoak eta txapak begi bistan eramatea. Oso estetikoa da. Ikusgarria ere. Liluragarria akaso. Liluraz ari garela, beldur naiz Gasteiz Antzokia egitasmoa baino gehiago ez ote den kimera izango. Ikusiko ote dugu?

Txema Ramirez de la Piscina.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide