Zaharraz Harro jaietarako antolatutako haurrentzako ekitaldi bat. / Alea

"Gure baitan bilduak bizi gara. Sarritan, kanpotik etorri behar da norbait duguna balioesteko".

Miraria dirudi. Uda bat-batean etorri eta dena transformatu du. Egun batzuen bueltan, bustita, goibel eta ilun zeuden karrikak, xirmi-xarmaz, eraldatu egin dira. Kale bazterrak piztu, parkeak jendez bete, plazak algarez osatu, tabernetako terrazak leporaino bete, gazte lerdenak gehiago liraindu, jantziak laburtu, aurpegien soslaia samurtu eta, oro har, jendearen umorea hobetu egin dela iruditzen zait. Eguzkiaren efektuak izango dira. Nago udararen etorrerak ustekabean harrapatu gaituela. Sinetsita geunden aurtengoa madarikazio baten ondorioa zela edota aldaketa klimatikoaren beste abisu bat. Ez dezagun garaipena aldarrikatu badaezpada ere.

Udaberrian eguzkia etsai izan dugun honetan, familia mexikar bat bisitan etorri zaigu etxera. Gasteizko hotzak ez ditu harritu (aldez aurretik abisatuta baitzeuden), jendearen eta, oro har, hiriburuaren harrera beroak bai, ordea. Euren hiria Gasteiz halako lau aldiz handiagoa da, baina haienak ez du gureak duen gizarte-dinamikaren laurdenik ere. Horrexek harritu ditu gehien: hemen jendeak mobilizatzeko duen gaitasuna, tabernetan solasean jarduteko dugun premia, baita ekitaldiak antolatzeko dugun gaitasuna ere. Eta noski, gure ingurumena eta gastronomia. Pozik joan dira. Etortzeko irrikaz.

Gure baitan bilduak bizi gara. Sarritan, kanpotik etorri behar da norbait duguna balioesteko. Errepara iezaiozue, adibidez, asteburu honi. Hirigune historikoan Zaharraz Harroko jaiak ditugu, bertoko auzo-lagunek modu autogestionatuan hamargarren urtez jarraian antolatzen dituzten jaiak dira, non era guztietako kontzertu, dantzaldi, jolas, azokak, dokumentalak, mahai-inguruak eta ekitaldiak izango diren. Larunbatean, berriz, Zuia Euskaraz festaren bigarren asteburua dute ospatzeko. Leloa: Sormena plazara. Eta, sormenaz hitz egiten hasita, horra hor apirilean Oihanederrek antolatu zituen gazte-sortegiak. Bestetik, ba al zenekiten une honetan eta Udalaren agendaren arabera, soilik Gasteizen 45 lantegi, mintegi eta erakusketa desberdin daudela ikusgarri edo egingarri?

Kultur eskaintza zabala dugu. Balia dezagun, goza dezagun; uda bete plan dugu aurretik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide