alea.eus

Etsipenaz

Erabiltzailearen aurpegia Txema Ramirez de la Piscina 2017-02-14 11:30   Iritzia

"Inguruan gero eta jende gehiago ikusten dut haserretuta eta etsituta".

Gai deserosoa da etsipena. Pribatuan jende askok onartzen duen egoera psikologikoa da. Publikoki, ordea, etsipenak ospe txarra du; areago, estigmatizatuta dago. Jarrera positiboaren beharra une oro saltzen digute telebistan, enpresan, unibertsitatean, supermerkatuan edo liburu-dendan. Zoriontasunaren ideiaren inguruan badago industria ikaragarri indartsua, William Davies-ek The Happiness Industry liburuan salatu duen bezala. Nik, ordea, nire inguruan gero eta jende gehiago ikusten dut haserre eta etsituta. Asko eta asko.

Izan ere, dugun panorama ez da preseski suziriak botatzeko modukoa. Kanpoan Trump, Espainian Rajoy, Jaurlaritzan… Iñigo (tristuraren enbaxadore) eta etxeko patioan ere (Gasteizko Udaletxean) liskar giroa nagusi. Xenofobiaz eta matxismoaz hasiko bagina…

Zer egin? Galdera metafisikoa. Nik gero eta gehiago pertsonei, lagunei begiratzen diet, haiengan topatzen dut sosegua. Arazoak, gertaera desatseginak, gatazkak etorriko dira. Kontua da, nire ustez, konponbideak asmatzen jakitea eta horien bila kemenez eta energiaz abiatzea. Hori jakinda, datorkigun kolpearen inpaktua ez da hain bortitza izango. Nassim Taleb enpirista eszeptikoak dio: "Festa guztietan hobe dugu mozkortuta ez dagoen bakarrari kasu egitea. Bestela, zoriontasunez blai dauden mozkorrek gidatuko gaituzte etxera". Beraz, positiboak izan gaitezen, bai; baina ergelak ez, mesedez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa