Iritzia

Hizkuntzak lanean

Erabiltzailearen aurpegia Rober Gutierrez 2024ko ots. 2a, 13:25
500 lagun baino gehiago bildu zituen 'Languages lanean' kongresuak. Argazkia: Bai Euskarari

"Euskal Herriko enpresetan euskara eta gainerako hizkuntzen erabilera antolatzeko eta arautzeko irizpideak behar dira, ikuspegi argia eta ondo hausnartua, eta enpresek zehaztu behar dute zergatik den garrantzitsua (edo ez) hizkuntza horiek baliatzea (edo ez)".

Hizkuntza kudeaketari buruzko I. Languages Lanean Nazioarteko Kongresua antolatu berri da Bilbon. Hizkuntza politikaz, kudeaketaz eta tresnez asko hitz egin da kongresuan zehar, baita emozioez ere. Eta emozioetatik abiatuta, nola egin duten jauzi hizkuntzen kudeaketara gure inguruko kooperatiba, enpresa eta beste izaera bateko erakunde ugarik, pasa den mendeko 70eko hamarkadan hasita, batez ere.

Hizlari askok partekatu zuten ideia nagusietako bat izan zen ez dagoela guztiok asetzeko moduko irtenbide uniformerik. Enpresa bakoitzak bere politika eta estrategia linguistiko koherenteak behar ditu, formalizatuta edo ez formalizatuta, eta horrek enpresaren kulturaren eta balioen isla izan behar du. Enpresa baten hizkuntza politika erakundeak bere barne eta kanpo jardueretan eta komunikazioetan hizkuntzak erabiltzeari buruz ezartzen dituen erabaki, neurri edo irizpideen multzoa da. Politika funtsezkoa da enpresaren barruko pertsonekin eta bezeroekin, bazkideekin zein beste interes-talde batzuekin (hornitzaileak, erakunde publikoak, etab.) komunikazio eraginkorra eta koherentea bermatzeko. Euskal Herriko enpresetan euskara eta gainerako hizkuntzen erabilera antolatzeko eta arautzeko irizpideak behar dira, ikuspegi argia eta ondo hausnartua, eta enpresek zehaztu behar dute zergatik den garrantzitsua (edo ez) hizkuntza horiek baliatzea (edo ez). Zeregin bakoitzean hizkuntza bakoitzaren funtzioa zehaztu behar da.

"Ideia nagusietako bat izan zen ez dagoela guztiok asetzeko moduko irtenbide uniformerik"

Enpresak hizkuntza kudeatzaile garrantzitsuak dira, barrura eta kanpora begira, kokatuta dauden lurralde horretako biztanleei seinale garrantzitsuak igortzen baitizkiete. Alegia, enpresek arautzen dute haien interes taldeekiko hizkuntza erabilera eta, bere bitartez, gizartearengan ere eragiten dute.

70eko hamarkadan eman ziren hasierako urratsei esker, bide emankorra egin dute gure inguruko hainbat enpresek. Kasu askotan, Eusko Jaurlaritza bidelagun izan dute eta, denboraren joanarekin, beste administrazio batzuk batu dira euskararen sustapenera eremu sozioekonomikoan. Eta, noski, ez dezagun ahaztu gizarte ekimenetik abian jarritako prozesuek eta plangintzek ere izandako arrakasta, ondoren plangintza publikoen eragile eta akuilu izan direnak. Guztiek merezi dute aitortza.

Ibilbide emankorra egin dugu, bai. Hala ere, paradigma aldaketa behar dugu. Gizarte erronka baten aurrean gaude eta, egoki erantzuteko, beharrezkoa da euskara lan munduan txertatzeko sistema behar bezala egituratzea eta Euskal Herri osoko enpresei bidea erraztea. Enpresak sistema horren parte bat dira, baina ez bakarra, eta ikusi dugu eragina dutela beste eremu batzuetan ere egiten den hizkuntzen erabileran. Horregatik, lan munduaren parte diren aktore guztiak ondo artikulatuko dituen sistema egituratu behar dugu. Enpresek arduraz eta erantzukizunez jokatu behar dute interes talde guztien eskakizunei behar bezala erantzuteko. Administrazioek, euskara sustatzearekin batera, arautu ere egin behar dute, araudiek eragina baitute enpresen funtzionamenduan eta kudeaketan. Eta irmo jokatu behar dute lizitazioak, kontratuak, babesletzak edo-eta haien onuraren bat jasotzen duten enpresei hizkuntzekin arduratsu jokatzeko eskatuz. Sindikatuek, langileek eta kontsumitzaileek ere eragin behar dute enpresek eta administrazioek konpromisoak har ditzaten eta euskaraz eroso lan egiteko eta bizitzeko aukerak areagotu daitezen. Erronka irabaziko dugula espero dut.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide