Datu babesaren erronka

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Sanchez 2018ko mai. 28a, 07:00

"Askotan gertatzen den bezala, handien gehiegikeriak txikiek ordainduko dituzte".

2018ko maiatza ez du erraz ahaztuko enpresa bat kudeatzen duen inork, GDPR (Datuak Babesteko Araudi Orokorra), hau da, datuak gorde eta kudeatzeko araudi berria indarrean jarri delako. 2016an onartu zen, eta Europako Batasuneko edozein pertsonaren datuak eskuratu ditzaketen enpresek (hau da, ia mundu osoko enpresek) bi urte izan dituzte araudi berri honetara moldatzeko. Dena den, ez da orain arte benetako presarik izan, baina Facebookekin azaleratu diren polemikek areagotu egin dute datuak babesteko beharra eta interesa.

Kontua hauxe da: nola eragingo diete aldaketa horiek mikroenpresei edota enpresa txikiei? Korporazio handiek, normalean, baliabide nahiko dituzte (dirua, denbora, langileak) aldaketa horiek jasateko, baina argi dago bitarteko horiek ez daudela sobera enpresa txikietan. 

Oso labur, araudi berriak eskatzen du pertsona orok bere datuak emateko nahitaezko baimena eman behar duela, eta horiek aldatzeko eta ezabatzeko eskubidea argi eta garbi erregistratuta izan behar duela. Agerian egon behar da nondik eskuratu diren datu horiek, eta ezin dira helburu zehatzik gabe metatu. Hortaz, argi dago ez dela zeregin erraza araudi berri honetara moldatzea, kontuan izanik mikroenpresetan ez dela ohikoa arlo honetan espezializatuta dagoen pertsonarik egotea, eta aholkularitza enpresa bati esleitu ohi zaizkiola zeregin hauek. Gainera, enpresen datuen kudeaketaren arduradunak araudi berri honetan hezi behar dira, aukera paregabea, bestalde, formakuntza zentroentzat. 

Ondorioz, zorionak eman behar zaizkie Europako Batasuneko legegileei herritarren datuak babesteko neurriengatik, noski, baita enpresa handiek datuen erabileraren inguruan egindako gehiegikeriei aurre egiteko helburua izateagatik ere, kontsumitzaile bezala gure babesa nabarmen hobetuko baita. Orain azalduko dira urtetan garatu diren politika desleialen ondorioak. Mikroenpresek eta negozio txikiek, bestalde, nabarmen jasango dituzte, neurri berrietara moldatzeko orduan zailtasun handienak. Gainera, aplikatuko diren isunak igoko dira, eta horiek jasanezinak izan daitezke izaera horretako enpresentzat. Azken finean, askotan gertatzen den bezala, "handien" gehiegikerien ondorioak "txikiek" ordaintzen dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide