Behar teknologikoen mundua

Erabiltzailearen aurpegia Irati Arroniz 2017ko ira. 19a, 11:55

"Animaliek bezala, biziraupen sena daukagu, aldaketetara moldatzen laguntzen digun instintua".

Bizi garen gizarte honetan gero eta behar teknologiko gehiago ditugu. Guk sortzen dugu haien beharra, eta haien menpe bizitzea erabakitzen dugu ezinbestekoak balira moduan. Behar hauek bi adar nagusitan banatuko ditut. Alde batetik, gailu fisikoak ditugu, eta bestetik, gailu fisiko hauetan erabiltzen dugun softwarea. Gaurko honetan gailu fisikoei buruz arituko gara: mota ezberdinetakoak dira eta etxe osoan zehar sakabanatuta ditugu, sukaldean, egongelan, komunean... Pentsatzen dugu gure egunerokotasuna aurrera eraman ahal izateko behar ditugula, baina bat-batean zure etxeko argindarra desagertuko balitz, konturatuko zinateke benetan behar hori ez dela egiazkoa. Askotan, gure ingurua betetzeko eta poltsikoak husteko sortuak izan diren tresnak baino ez direla, alegia. 

Aspaldi banekien ez neukala I-phone 7aren beharrik, ezta Termomix, tablet edo telebista baten beharrik; baina bai sentitzen nuela argindarra beharrezko nuela eroso bizi ahal izateko. Hau da, nik erabiltzen ditudan gailuak martxan jartzeko etxeko paretetatik ateratzen den argindarra beharrezko nuela. Nola biziko naiz Internetik gabe? Edo ordenagailurik gabe? Irabiagailurik gabe? Ile lehorgailurik gabe? Hozkailurik gabe? Ai Ama! Hau ez da erraza izango… Eta nire mugikorra bateria gabe gelditzen bada? Nola komunikatuko naiz besteekin? 

Gizakiok, animaliek bezala, biziraupen sena daukagu, eta berau aldaketetara moldatzen laguntzen gaituen instintua da. Etxean argindar gabe geratzen zarenean, zure burua segituan jarriko da martxan argindarra lortzeko modu berriak bilatzen. Buruak ez daki aipatutako gailu horietatik gutxi batzuk besterik ez direla beharrezkoak benetan, eta bestelako aukerak aldiz milaka direla. Are gehiago, momentu horretan egin behar duzun bakarra zure beharrak finkatzea da, eta behar horien araberako konponbide bat bilatzea.

Batetik eta bestetik sortuko dira aukerak, eguzki-energia erabili dezakezu, energia eolikoa... horretarako, baina, bateriak behar dituzu eta konturatzen zara zuk zure eskuekin egin ditzakezula estatuan saltzen ez diren Tesla bateria bezalakoak; edota iluntzen duenean, zure etxea argitzeko behar duzun energia, 12 kilo pisatzen duen poltsa batetik ateratzea posible dela.

Horrela ezagutu nuen nik Gravity light izeneko gailua. Polea batekin egindako asmakizuna da, argindarrik ez daukaten lekuak argiztatzeko balio duena. Poleak 12 kilo pisatzen duen poltsara lotuta daude, eta behin poltsa zure besoekin igo eta jaisterakoan sortzen duen energiak led bonbila bat pizten du hogei minutuz. Zuk zure besoekin jasotako hamabi kilodun poltsak argia sortzen du! Ez bateriarik, ez argindarrik, ez besterik; zure besoen indarra eta harri soil batzuk bakarrik behar ditu energia sortzeko. Polita da gogoratzen duzunean zer gauza gutxi behar diren bene-benetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide