Bideo-jokoetan, berdintasunaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Ruiz 2017ko mar. 9a, 15:44

"Bideo-jokoetan jokatzen dugunon %45a gara emakumeak; jokoetan, ordea, pertsonaien %20a baino ez dira".

Orain dela gutxi Chrysallis elkarteak kontzientziazio kanpaina bat abiarazi zuen Euskal Herrian ume transexualek bizi duten errealitatea ezagutarazteko asmoz. Azken egunotan aldiz, talde ultrakatoliko batek ume hauen identitatea ukatzeko autobus transfobiko bat atera nahi izan du hainbat hiriburutan. Euskal Herrian orokorrean autobus honen kontrako mezuak azaldu badira ere, gurean ere asko dugu egiteko berdintasuna lortzeko bidean.

Eta umeei buruz ari garenez, bideojokoak datozkit burura, jakin arren jadanik ez direla umeen kontua bakarrik. Bideojoko eta dibertsitateari buruz hitz egiten badugu, pentsa dezakegun lehenengo kasua emakumeen inklusioa bera da. Eta datu objektiboak ikusita bideo-jokoen mundua oraindik nahiko sexista dela argi ikus dezakegu: jokatzen dugunon %45a gara emakume, baina bideo-joko pertsonaien %20a baino ez dira emakumeak eta horietatik %75a zuriak eta ilehoriak gainera. Honakoa emakumeekin gertatzen bada, pentsa ezazu apur bat, zenbat pertsonaia LGTB+ ikusi dituzu bideojokoetan? Eta horietako zenbat dira transexualak?

1988an Nintendok Birdo pertsonaia kaleratu zuen eta bere biografiak honakoa zioen: "Birdok uste du emakume bat dela... eta Birdetta izena nahiago du". Deskripzio hau erabat iraingarria zen, izan ere "emakume bat dela uste du" esaten baitzuen eta gainera bideojokoa kaleratu baino lehen bere identitatea erabat ezabatu zuten. 

Garai hartatik, beste zenbait pertsonaia transexual atera dira jokoetan, eta zoritxarrez zenbait txiste transfobo izan badira ere,  badira ondo irudikatuak izan diren pertsonaiak. Esate baterako, 1995an Chrono Triggerren ageri zen Fleakpertsonaia eta bere esaldi famatua: "Gizon edo emakumea, zein da aldea? Boterea polita da, eta nik, boterea daukat". Fleak emakumez janzten zen azti bat zen, eta nahiz eta jokoko pertsonaia zitala izan, bere identitatea ez zen inolaz ere zentsuratu.

Beste adibide bat Bioware estudioa izan daiteke eta berdintasunaren alde egiten ari den lan ikaragarria. Ezinhobe azalduta dauden pertsonaia homosexual edo bisexualak ikus ditzakegu beraien jokoetan. Esaterako, Dragon Age: Inqusition jokoan Krem gizon transexuala,  atera zuten. Krem istorioak kontatzea gustuko duen mertzenario karismatikoa da eta iraganean bere identitateagatik arazoak izan bazituen ere, bere identitatea ukatzen ez duten lagunak aurkitu ditu.

Amaitzeko, ziur nago, batzuk esango duzuela: "Ni ez naiz transexuala eta ez dut transexuala den inor ezagutzen, zertarako behar ditut horrelakoak?". Eta erantzuna erreza da: pertsona guztiek irudikapen erreal bat merezi dugulako.

 Eta umeei buruz hitz egiten hasi garenez, umeekin amaituko dugu artikulua. Haztea zaila da, zure identitatea ukatzen dutenean are zailagoa, eta askorentzat, liburuak, telesailak edo bideojokoak dira errealitatearen arazoei aurre egiteko duten gauza bakarra. Joka dezagun hortaz, baina aniztasunean!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago