Odola zure sakelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Oreka IT 2017ko ots. 13a, 09:19

“Telefonoen ekoizpen prozesuari buruz galdetuta, estralurtar bat bazina bezala begiratuko zaituzte".

Edozein kontsumo erabaki ekintza politiko bat da. Ez al zaudete ados? Produktu bat, edozein, eskuratzerakoan, erosleak merkataritza modu bat saritzen duela agerian dago. Argi dago, aukeran, guztiok lehenetsiko genituzkeela kalitate goreneko bertako produktu ekologikoak, baina, aurrekontua berdindu behar denean, erosketa-saskia marka txuri eta ekoizpen lausoko produktu merkeekin osatu behar dela ere egia gordina da.

Adi! Ekologiko aipatu eta guztiok barazki eta lekaleetan jarri baitzarete pentsatzen, baina Orekako kideok Alea-n egiten dugun kolaborazio honetan, teknologiari buruz aritzen garenez, ni sakelako, ordenagailu, tablet eta abarrez ari natzaizue.

Eta banoa lurreratzen hastera plazaratu nahi dudan hausnarketa: ez al zaizue iruditzen teknologia kontuetan marketinaren biktima txatxuak bihurtu garela, elikadura kontuetan harro azaleratzen ditugun printzipioak ahaztuz? Adibidez, telefonia kontuetan gure merkatua estaltzen duten nazioarteko hiru mosketeroek eta D'Artagnan euskaldunak, etengabe bonbardatzen gaituzte ihes egiten utzi ezin ditugun sakelako liluragarriekin. Baina Smartphone hauek alderatzeko, pantailaren tamaina, bateriaren iraupena, kameraren kalitatea eta antzeko parametroak soilik neurtu ditzake erosleak. Saiatzen bazarete ekoizpen prozesuari buruz galdetzen, non eta nola ekoizten den adibidez, estralurtar bat bazina bezala begiratuko zaituzte. 

Tira, normala da neurri batean, haiek Smartphoneak saldu eta erosi besterik ez dituzte egiten eta, beraz, galderen erantzunak ekoizleen korporazio erraldoietan bilatu behar dira. Eta hemen sudurra sartzen baduzue, lagunok, ez duzue erraz topatuko erantzunik… 

Ikusi al duzue youtuben Blood in the mobile [Odola mugikorrean] erreportajea?

Ero batek pentsatu lezake ematen dituzten azalpen lausoen aurrean eta gero eta ozenagoak diren Afrikako hainbat herrialdeetatik datozen salaketengatik, sakelakoen ekoizle hauetako batzuk behar dituzten mineralak gatazka guneetatik ateratzen ari direla haien erosleetatik eskuratzen duten diruarekin egoera hauek finantziatuz; eskerrak nik sano asko dudala burua oraindik.

Beno, lekua amaitzen doanez eta burua joaten ari zaidanez, banoa amaitzera… Ezagutzen al duzue Fairphone enpresa? Noski ezetz, baina hemendik aurrera izena gogoratuko duzuela uste dut. Herbehereetan sortutako enpresa bat da, Txinan sakelakoak ekoizten dituena. Haren azken modeloa (Fairphone 2) eta zuk duzun sakelakoaren arteko prezioaren aldea ez da 100 euro baino handiagoa, hori bai, hauek behar dituzten mineralak ez dituztela gatazka guneetatik ateratzen bermatzen dizute. Kontuan izanda Smartphone telefono baten bizi-itxaropena hiru urte eta zerbait gehiagokoa dela, 30 euro urtean, asko ordaintzea al da zure diruak gatazkarik finantziatuko ez duela jakiteagatik?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide