Iritzia

Bilera ['La reunión']

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2023ko urr. 21a, 10:00
Argazkia: PIXABAY

"Bilera euskaraz da, eta esandakoaren laburpenak tartekatuko ditu gaztelaniaz"

Hasi da ikasturte hasierako bilera bi urteko haurren gelan, eta hortxe gaude eserita hamabost bat guraso, helduentzako erosoak ez diren aulki txiki baina sendo banatan. Azalpenak ematen hasi da andereñoa, eta azaldu du (nik jada badakit, joan den astean lau urtekoen bileran egon nintzelako) bilera euskaraz dela, eta esandakoaren laburpenak tartekatuko dituela gaztelaniaz. [Decía que he estado en la reunión del cole, y que primero en euskera y luego lo resumían en castellano.]

Niri, hemen erdian eserita nire adin-tartearen lagin soziolinguistiko nahiko adierazgarria ematen duenaren artean, oso ongi iruditu zait: bagara euskaldunak (ia erdiak-edo?), euskaldun hartzaileak, erdaldun gaztelaniadunen bat eta bizpahiru etorkin afrikar, gaztelaniaz ere ez direnak oraindik guztiz moldatzen. Baina D ereduko eskola batean gaude, eta itzel iruditzen zait euskarari lehentasuna ematea, ikusaraztea, eta irakasleak bi bilera eginaraztera ez behartzea. Beraz, pentsatu dut eroso sentituko naizela, aurreko asteko bileran bezala. [Nada, decía que me parece bien, es como tiene que ser.]

"Badakit guraso batzuk ez direla zenbait gauza ulertzen ari, eta hasi naiz deseroso sentitzen"

Baina, hasi eta gutxira, sorpresa hartu dut neure buruarekin. Irakaslea bakarrik dago (beste bileran bi izan ziren, eta banatu zituzten hizkuntz ardurak, batak esandakoa besteak erdarara eramanda) eta, aitortu digunez, urduri xamar. Horregatik, azkar doa, euskaraz azaldutakoen ostean erdarazko azalpen oso xumeak eginda, gauza dexente erdaraz errepikatzea ere ahaztuta. Eta ni hasi naiz arraro sentitzen. [Estaba diciendo que, sin embargo y para mi sorpresa, me he sentido algo incómodo al faltarles a algunos bastante información.]

Ez da hil edo biziko kontua: esku artean daukagu guztiok informazio-liburuxka, elebiz, eta norbaitek zalantza garrantzitsurik badu, erdaraz galdetu dezake, lasai asko. Inork ez du kopeta ilundu, inor ez da kexu. Baina nik badakit guraso batzuk ez direla zenbait gauza ulertzen ari, eta hasi naiz deseroso sentitzen. Deseroso, eta haserre neure buruarekin, deseroso sentitzeagatik! Zenbat aldiz gara zokoratuak euskaldunak egunero, zenbat aldiz ez zaigu lekurik egiten? Eta ni deseroso sentitu behar erdaldunek %100 ulertzen ez duten aldi bakanetako batean? Badakit ez nukeela zertan gaizki sentitu, baina hala izan da. Eta izorratu egin nau, egia esan. [Decía, perdón, que sentirme así me ha jodido un poco. Para una vez que es al revés…].

Oihan Txabarri.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide