Agua

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2021ko eka. 4a, 08:00
Arg: Pixabay

"Badator zeure umemokoa, urte eta erdiz ura edan duena, eta seinalatuz diotsu: agua"

Alabatxoak urte eta erdi bete berri du. Iraia du izena. Alaia da, oso aktiboa, maitekorra, ibiltari trakets samarra, sentibera, zoriontsua, polita, beldurtixea eta argi-argia. Esaten diogun guztia ulertzen du. Aspaldi hasi zen hitz solteak botatzen: ama, hola, aita. Orain, gehiago.

Hizkuntzei dagokienez, bere input nagusia euskarazkoa da, alde handiz. Gurasook euskaraz egiten diogu beti, eta bere aurrean, oso haserre ez bagaude, gure artean ere euskaraz aritzen gara. Aitona-amonek, hiruk euskaraz eta batek gaztelaniaz, baina euskarazko hitz dezente sartuta. Goizez udal haurreskola batera doa, hiru orduz. Lagunartean gaudenean... ez dugu gezurrik esango, erdara nahikotxo entzuten du, akaso euskara baino gehiago. Baina oro har, askoz euskara gehiago jasotzen du.

Joan den astean, Iraia ura hatz erakusleaz eskatzetik ahoz ere eskatzera pasa zen, honela: AGUA. Hasi zen ezetz ahoz esaten: ÑO. Eta lekuak seinalatzean: AHÍ, AHÍ ÑO. Joño!

Hasieran pentsatu nuen ea Cervantesen hizkuntza samurragoa izango zitzaion alabaren belarriari, bere burmuinean plastikotasun handiagoz sartuko ote zen, bere gailentasun naturala medio. Gero konturatu nintzen ezetz, errazagoa zela kontua.

Udal haurreskolara doa alaba, esan bezala, hiru ordu xumez. Bederatzi bat laguntxo ditu han, ia guztiak nagusiagoak, ia guztiak erdaldunak. Haiek AGUA eskatzen badute, hark ere AGUA. Primeran daki zer den URA, baina ikusten duenez AGUA eskatuta ura jasotzen dela, ba ura AGUA da. Kito.

Gurasotasuna irudikatzean imajinatzen duzu sortuko duzun euskaldun aratz, puru, ia elebakarra, pediatrarenean arazoak izango dituena, euskara salbatuko duena bere izate hutsez. Gero badator zeure umemokoa, urte eta erdiz URA edan duena, eta hatz erakusleaz seinalatuz diotsu: AGUA. Eta tontakeria bat izango da, eta laster hasiko da URA ere esaten, baina pentsatu dut pasadizo xume horrek sinple bezain argiki islatzen duela zer den gaur eta hemen euskalduna izatea: etengabeko erronka, igerian etengabean, erdararen ur-lasterraren kontra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide