Komunztadura

Argazkia: Pixabay

"Etsaia gure baitan ere badago, ezkutatuta, gauza nimiñoetan azaleratzeko prest".

Gutxi barru alaba bat mundura ekarriko dugula eta, betaurreko moreak kakaz blai zituela ohartarazi zidan ohekideak aurrekoan. Jaiogabearentzako arropa erostera joan ginen arratsalde batez; hilabeteko esperientzien Top 10ean jarriko ez nukeen ekintza, bai, baina atsekabe handirik gabe egindakoa. Etxera ailegatzean, baina, haserre zebilen emaztea, eta ez zen haurtxoentzako arroparen gama kromatiko murritzagatik. Hori beste zutabe baterako. "Konturatu al zara?" –esan zidan– "Denda guztietan niri begiratu didate, niri galdetu didate eta aholkuak niri eman dizkidate". Bada, bai. Egia zen. Bi sartu ginen dendetara, biok ginen bezero, baina bata andrea zen, tripaduna, ama. Bestea, gizona. Gustu estetiko zalantzagarrikoa (horretan esango nuke asmatu zutela, kasualitatez) eta poltsa handiak eramatea besterik espero ez dena. Ordaintzea ere bai, akaso.

Badakit, ez begiratu horrela, ez dugula lortuko generoen arteko berdintasuna merkatalguneetako puerikultura sailetan. Baina etsaia ez dago bakarrik pijama arrosa eta urdin pastel gorrotagarriak diseinatzen dituzten multinazionalen baitan, gure baitan ere badago, ezkutatuta, gauza nimiñoenetan azaleratzeko prest. Adibide tonto bat. Egun batean galdetu zidan amak ea alabarentzako beharrezko guztia erosita *geneukan*, eta beste batean emazteari ea erosita *zeukan*. Komunztadura akats xalo bezain adierazgarria. Beste adibide bat. Teorian, guk geuk alabaren gurasoak izan nahi dugu, ez Ama (letra larriz) eta aita (letra xehez). Praktikan, erditze aurreko ikastaroko emaginaren hitzak dauzkat buruan dantzan:  "Lehenengo urtean behintzat, aitengatik sentitzen dut, baina ama eta haurra bat eta bakarra dira, eta ez dago besterik". Eta hala, egunero, amaren zama astuntzen eta aitarena arintzen duten hamaika kontu. Hamaika komunztadura akats. Hurrengo batean kontatu beharko dizuet gramatika fintzen ari garen ala, sarritan gertatzen den legez, teoria hutsean geratu garen. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide