Zutabegileentzako gida laburra

"Erabil ezazu amarru estilistilkoren bat: utz ezazu kolperen bat azken esaldirako".

Eguna inoiz hel ez zedin espero zenuen, baina azkenean heldu da. Gaur duzu zutabea bidaltzeko eguna, eta oraindik ez dakizu zertaz idatzi. Uste zenuen aurrekoetan bezala epea hurbildu ahala presioak ideiak azalaraziko zizkizula, baina hementxe zaude oraindik, Word dokumentu zuriaren marratxoaren mugimenduari begira. Ea, ez zaitez urduritu. Guztioi gertatu zaigu. Ez zaitez lotsatu, benetan, Andu Lertxundiri ere noizbait gertatu omen zitzaion.

Gairik ez daukazula? Ireki ezazu nabigatzailea, goazen gaurkotasuna duen gai fresko baten bila. Martxoak 3 oraintxe izan da, baina noski, joan den asteko zutabegileek horri buruz idatzi zuten hain justu. Gainera, zer esango duzu zuk gai horren inguruan? Ezer berririk ez. Hobe etorkizun hurbilera begiratzea. Zutabea ostiralean argitaratuko da, M8 greba feministaren biharamunean, baina zuk asteartean bidali behar duzu, eta ez duzu kristalezko bolarik. Arriskutsua da mobilizazio baten inguruan aldez aurretik idaztea, horren ostean irakurria izateko.

Jo dezagun orduan gai atenporal batera. Horiek ez dizute inoiz huts egingo, badakizu nola jokatu behar duzun. Zoom out egin behar duzu, hau da, egoera hutsal batetik abiatuta (izan kaletik ikusitako zerbait, izan pasadizo pertsonal bat, izan liburu batean irakurritako aipua) ideia garatu behar duzu, hasieran bakarrik zuretzat esanguratsua zen horrek amaieran irakurlearentzat ere esanahia eduki dezan. Gai hauek biribiltzen zailagoak direnez, erabil ezazu amarru estilistikoren bat: utz ezazu kolperen bat azken esaldirako.

Baina egiten duzuna egiten duzula, mesedez, ez ezazu zutabegileen urrezko legea hautsi. Idatzita ez egon arren, zintzotasun intelektualak arau sinple hau betetzera behartzen gaitu, eta hala egin behar dugu beti, zutabez zutabe. Egon da, bai, legea inoiz haustera ausartu den tranpatirik, baita atrebentzia gogotik ordaindu ere. Gogora ezazu, beraz, gainditu ezineko marra zein den:

Ezin da zutabeak idazteari buruzko zutaberik idatzi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide