alea.eus

Hautu magikoa

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2017-02-02 09:52   Iritzia

"Ez al zen ikastetxe aukeraketa askoz sinpleagoa orain hogei urte?".

Astelehenean ireki zen Haur eta Lehen Hezkuntzako matrikula gurean. Nahi nuke guraso gasteiztar guztien etxeetan zulotxoak izan, nire inguruan sumatzen dudan zoramena gauza orokorra den jakiteko.

Umea ikastola kontzertatuko urte bateko gelara apuntatu Udal Haurtzaindegira ordez, ostera bi urteko gelan lekua izan dezanaren aukerak hobetzeko (imaginatu gixajoak publikoan bukatzen duela!). Haurra aitona-amonen etxean erroldatu gogoko ikastetxean lekua lortzeko. Alaba Waldorf metodoari jarraiki eskolatuko denaren erabakia jadanik hartuta izatea… haurra jaio aurretik, agian ez baita izango bere ezaugarrientzako egokiena, baina ezin ukatu super guay dela. Guzti horiek eta okerragoak ikusita dauzkat azken aldian, esaterako ikastola laiko baten eta erdal (barka, "elehirudun", kar kar kar) eskola erlijioso baten artean zalantzan dabiltzan gurasoak. Land Rover eta Ferrari baten artean zalantzati dabilen gidaria lez.

Agian aurreko belaunaldien hautu-mekanismoa denboraren poderioz distortsionatuta dakusat, baina ez al zen ikastetxearen aukeraketa askoz sinpleagoa orain hogei bat urte? Gurasoek funtsean publiko/pribatu, hizkuntza-eredu eta gertutasun aldagaiak erabiltzen zituztelakoan nago. Ezin ukatu pixka bat kezkatzen nauela egungo gurasoengan sumatzen den halako esnobismo korronteak ("neure haurraren eskolak izan dezala hau, hura eta bestea; zuenak ez al du ba?") eta kezkagarriagoa dena, ikastetxearen hautu soilak nolabait haurren heziketa magikoki konponduko dienaren usteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa