Gaizkiulertua

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2016ko urr. 11a, 15:32

"Kontatu zidaten ezkerrak aukera-berdintasuna duela helburu" 

Niri azaldu zidaten ezkerrak, besteak beste, aberastasunaren birbanaketa duela helburu, eta estatua horretarako tresna dela. Azaldu zidaten estatuak gehien dutenei gehiago kendu, eta gutxien dutenei eman behar diela. Ez hori bakarrik, azaldu zidaten ezkerra ez dela arrazista ez klasista, are gehiago, klaseak desagerrarazi nahi dituela. Kontatu zidaten ezkerrak aukera-berdintasuna duela helburu. 

Adibidez, hezkuntza publikoa diru publikoarekin ordaintzen da. Guztion diruarekin. Denoi eskaintzen zaigu zerbitzu bera, kalitatezkoa. Irakaskuntza publikoan merituengatik sartzen da. Eskola publikoan edonor sar daiteke, doakoa baita. Ezkerrak maite behar luke hezkuntza publikoa.

Beste adibide bat. Itunpeko hezkuntza, edo kontzertatua. Diru publikoarekin ordaintzen da. Guztion diruarekin. Baina instituzio pribatuek ezartzen dituzte haiek nahi dituzten kontratazio irizpideak. Ordainpeko gehigarriak jartzen zaizkio edonor sar ez dadin, efektiboki hezkuntza publikoa ghetto bilakatzen. Kontzertatua aukeratzen duten guraso askok (gehienek?) haurren estatus soziala hobetuko delakoan daude, edo zuzenean, nahiz eta gutxik onartuko duten hain gordinki, etorkin gutxiago dagoelako dute nahiago. Ezkerrak ez luke maite behar itunpeko hezkuntza.

Baina ikusita Eusko Legebiltzar hautatu berrian euren burua ezkertiartzat duten 38 kideen jarrera itunpeko hezkuntzarekiko, susmoa dut gaizkiulertu bat egon dela.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago