Quad Rugbyan, baloiarekin hesiak apurtzen

Erabiltzailearen aurpegia Oier Bravo 2018ko aza. 3a, 07:38

Zuzenak klubeko gurpildun aulkiko errugbi taldea urtarrilean hasi zen Gasteizen entrenatzen, eta oso azkar hazten ari da egitasmoa.

Gasteizko Zuzenak klubean beti daude erronka berrien bila, eta, joan den urtean, saskibaloira jokatu ezin dutenei zuzendutako egitasmo berri batean hasi zen kluba lanean. Asier Dominguez, Alexis Pool Romero eta Tony Sanchez jokalariek abiatu zuten proiektu hori; kontzentrazio batean zeudela hasi zen jendea animatzen. "Saskibaloi taldeko jende gaztea atzetik estutzen hasi zen; Tony Sanchezek eta biok 20 urte inguru generamatzan horretan; lekua galdu genuen, eta nire kasuan entrenatzaile lanetan hasia nintzen”, aipatu du Dominguezek. "Egun batean, broma moduan errugbian hasi behar ginela komentatu genuen, eta konturatu orduko Espainiako Selekzioaren kontzentrazio batean geunden ikasten".

Jokoa zertan datzan azaldu dute. Saskirik gabeko saskibaloi kantxa batean jokatzen da Quad Rugbia, boleibol baloi batekin. Lau jokalari zelairatzen dira talde bakoitzeko, eta golak lortzea da helburua: baloia kontrolpean izanda pasa behar da fondoko marra, errugbian entseguak diren bezala, baina bi konoren artean pasatuta.

Jarduera honetan kolpeak baimenduta daude; are gehiago, beharrezkoak dira jokoa ulertu ahal izateko, izan ere, abantailak lortzeko elementurik garrantzitsuenak dira gurpildun aulkien arteko talkak. Horretarako, bi aulki mota daude: erasoa jotzeko balio dutenak, batetik; eta defendatzeko erabiltzen direnak, bestetik.

Kontaktu fisikoa, aldiz, guztiz debekatuta dago. Hala ere, taktikak fisikoak baino garrantzia askoz handiagoa dauka gurpildun aulkiko errugbian. 40 segundo dauzka jokalariak jabetza moduan, eta denbora tarte horretan egin behar du gola.

Hasierako zailtasunak

Proiektuaren hastapenei dagokionez, jakinarazi dute hasiera nahiko zaila izan zela taldea osatzen zuten guztientzat. Kirol ezezaguna izateak zailtasun asko ekarri dizkie taldearen arduradunei, informazio eskasa dagoelako Quad Rugbyaren inguruan. Baina antolatzen diren hainbat topaketek lan hori errazten dutela onartu dute. "Espainiako Kirol Egokituen Federazioak antolatutako kontzentrazio batean egon nintzenetik, kirola ezberdin ikusten dut. Asko ikasi nuen bertan", onartu du Ainhoa Rodriguez entrenatzaileak. "Han esperientziadun jendearekin entrenatzen duzu, eta gainera nahi duzun material guztia daukazu eskura entrenamendu mota ezberdinak egiteko. Hemen ez dauzkagu horrenbeste baliabide. Pausoz pauso gabiltza aurrera egiten", nabarmendu du.

Iaz oso taldekide gutxi egon ziren entrenatzen, baina aurten bederatzi jokalari dituzte taldean. Klub barruan fitxaketak egin badituzte ere, kanpotik ere etorri da jendea; tartean, Burgosetik. Hangoa da, hain justu ere, Alvar Alonso. Pasa den denboraldira arte saskibaloian bakarrik aritzen zen, Burgosen, eta aurten hasi da Zuzenakeko errugbi taldearekin entrenatzen: "Nire desgaitasuna dela eta, kirolez aldatzea gomendatu zidatenean Gasteizen errugbia egiten zutela jakin nuen, eta hona etortzea erabaki nuen. Astean birritan nator Burgosetik, baina oso gustura nago hemen".

Talde anitza

Taldea oso anitza da, zentzu guztietan, kirol egokitu guztietan diren moduan, alegia: neska zein mutil, handi zein txiki, sendo zein ahul... Guztiek hartzen dute parte taldean, bakoitzak bere ahalmenaren arabera, Zuzenak Basatiak izenpean.

Baina jokalari gehienek dute zerbait komunean: gurpildun aulkidun saskibaloitik datoz. Horren harira, zera dio June Marcosek: "Saskibaloia azkarregia zen niretzat, eta gainera indar gehiago behar nuen horretan ibiltzeko". Kasu berezia da talde barruan: neska bakarra izateaz gain, ez du tetraplegiarik. "Oso azkar nekatzen naiz, eta gainera oso potentzia gutxi daukat, nire gaixotasunetik eratorria", azaldu du. Marcosek gaitz neurologiko arraro bat dauka, eta bere desgaitasuna puntuatzerakoan arazoak izan dituzte: "Medikuek ere ez dakite zer daukadan; nola puntuatuko didate, bada? Mugimendu artikulatuak bakarrik puntuatzen dituzte, eta ez nekea eta erreflexuak, nire arazorik larrienak".

Jokalari guztiek daukate desgaitasun puntuazio hori: gero eta desgaitasun handiagoa orduan eta puntuazio txikiagoa izango dute. Zelaian jokatzen dauden 4 jokalariek bakarrik 8 puntu batu ditzakete guztien artean. Horrek entrenatzaileari buruhauste handiak sortzen dizkio: "Matematikak egiten egon behar zara. Puntuazio altuko bi jokalari puntuazio txikiko beste birekin konbinatzea da normalena. Puntuazio altuena daukanak baloia eramaten du, eta besteek, gola lortzen lagundu behar diote", azaldu du Ainhoa Rodriguezek.

Emaitza bikainak

Oztopoak oztopo, emaitza onak lortu dituzte orain arte jokatutako bi txapelketetan. Espainiako txapelketa izan zen lehena, apirilean. Esperientziadun beste hiru talderen aurka jokatu zuten emaitza bikainarekin, txapeldunei irabazteko zorian egon baitziren gaur egun Ainhoa Rodriguezek gidatzen dituen jokalariak, baina garai hartan Lander Lozanoren agindupean zeudenak. Bigarrenean, aldiz, taldearen lehen garaipena lortu zuten Kataluniako selekzioaren aurka (38-27). Gainera, Espainiako txapeldunak diren CAI zaragozarrei irabazteko zorian egon ziren berriro (42-41) eta bigarren postuan sailkatu ziren Joko Katalanetako txapelketa honetan.

Emaitza hauek Zuzenaken egiten ari diren lanaren isla da, noski, baina konpetentzia ez da momentuz taldearen xede nagusia; helburua hasierako berdina izaten jarraitzen du Ainhoa Rodriguez entrenatzailearen esanetan: "Betiere formazioa da helburu nagusia, eta kirola ezagutzera ematea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide