Iritzia

Zerrendak perpendikularrean

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Antia 2024ko urt. 27a, 10:00
Salma al-Shehab ikaslea. Argazkia: Amnesty International

"Beti iruditu izan zait ikuskizun-kirolak mugitzen duen dirua lizunkeria hutsa"

Azkenaldian, hainbat kirolarik eta kirol-eragilek izena –eta irudia– saldu diote giza eskubideen arloan izugarria den herrialde bati. Rafael Nadal izan da azkena, Neymar, Jon Rahm, Karim Benzema edo Cristiano Ronaldo bezalakoen atzetik. Hainbat lehiaketa edo txapelketa ere erakarri ditu Saudi Arabiak, irudia zuritzeko sport washing edo legitimazio operazioetan, non, estimazioen arabera, 6.000 milioi dolar baino gehiago gastatu dituen.

Beti iruditu izan zait ikuskizun-kirolak mugitzen duen dirua, neurriz kanpokoa izateaz gain, lizunkeria hutsa dela. Zer esan, gainera, irudia garbitzeko osagaia gehitzen zaionean... biztanleriaren %60 baino gehiago pobrezian bizi den herrialde batean.

Egoera sozioekonomikoaz gain, giza-eskubideen urratzaileen ranking lazgarri batean, Saudi Arabia hor dugu, lehen postuetan. Esaterako, genero-desberdintasunik handiena duten herrialdeetako bat da, aurrerapen txikiak izan diren arren; hala nola, emakumeei "graziaz" eman diete gidatzeko aukera. Ahaztezina da ere Jamal Khashoggi kazetari kritikoaren hilketak eta zatikatzeak izan duten inpunitatea.

"Azkenaldian, hainbat kirolarik eta kirol-eragilek izena –eta irudia– saldu diote giza eskubideen arloan izugarria den herrialde bati"

Diru ugari eta errazaren bila joan diren kirolari famatu eta aberatsen izendegi horren aldean, beste zerrenda bat datorkit burura; ezezagunagoa, noski, salbuespen mingarri batekin: pertsona horien kondena, burua moztea, espetxeratzea, isolamendua edo deportazioak salatzen dituzten giza eskubideen defentsarako erakundeen txostenak.

Izen-abizen batzuk argitara ateratzeko asmoarekin, hona hemen zenbait: Raif Badawi blogari eta aktibista, kartzelan hamar urte eman dituena, eztabaida publikorako online foro bat sortzeagatik. Salma al-Shehab ere: Saudi Arabian emakumeen eskubideen alde txiokatu izanak 285 eguneko isolamendua eta sei urteko kartzela-zigorra ekarri zizkion… ondoren 34 urtera luzatu izan zena. Edota Mohamed al-Bokari: hamar hilabeteko kartzela-zigorra eta 500 zartada, moral publikoa urratzeagatik, homosexualitatea sustatzeagatik eta "emakumeak imitatzeagatik". Azkenik, toki-arazoarengatik izenik aipatu gabe, 2022ko martxoaren 12an exekuzio kolektibo batean exekutatu zituzten 81 gizonak, horietatik 41 gutxiengo xiitakoak izanda. Beraientzat, eta beste aktibista arabiar askorentzat, nire oroitzapena eta esker ona.

Nerea Antia.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide