Orain, apokalipsia

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Enciso 2020ko mar. 23a, 17:00

"Baina nola gorde gure janak hozkailuan? Ba al dago modu zehatzik hauek ondo mantendu ahal izateko?".

Egun arraro hauetan, komuneko papera urrea baino preziatuago den hauetan (bidetak ere existitzen dira), janaria pilatzea omen da garrantzitsua. Pilatu, besterik ez dugulako egingo.

Gastroenterista jota bukatu nahi ez baduzue, eta, bide batez, komuneko papera aurreztu, badago, nonbait, janaria pilatzeko modu on bat; apokalipsia pasa ondoren ere manten genezakeena, baldin eta elektrizitatea izaten jarraitzen badugu: hozkailua.

Baina nola gorde geure janak hozkailuan? Ba al dago modu zehatzik hauek ondo mantendu ahal izateko? Bada, bai, badago.

Jakin behar dugu hozkailuan zonalde hotzagoak eta epelagoak daudela. Atea tokirik beroena da, eta honen ondoren, hozkailuaren goiko apala. Hotzena, berriz, erdiko apalak dira. Beraz, janari galkorrak hozkailuaren erdialdean kokatuko ditugu, eta hainbeste bero behar ez dutenak, atean. Jaki guztiak babesturik gorde behar ditugu, euren ontzietan edo tuperretan, beirazkoak badira hobe. Janari gordinak eta kozinatutakoak bereiztuko ditugu, inoiz ez kontaktuan.

Arrautzak eta ontziak dituzten jakiak (jogurta esaterako) ez dute hainbeste hotzik behar, beraz, goiko apalean kokatuko ditugu. Ondoren, beherago, esnekiak eta hestebeteak, eta etiketetan "una vez abierto, consérvense en frío" zehazten duten jakiak. Erdiko apaletan, hotz handien dutenetan, alegia, kozinatutako jakiak gordeko ditugu, beti ere gordinenetatik bereiztuak. Jarraian, haragiak eta arrainak, eta janaria desizoztu behar badugu, 24 ordu lehenago bertan gordeko dugu. Barazkiak eta frutak, zikinenak direnez, beheko apaletan gordeko ditugu, beste jakiak ez zikintzeko. Azken hauek poltsarik gabe, hezetasuna ez metatzeko. Azkenik, atean, hainbeste bero behar ez dituztenak: edariak, gurina, marmelada, saltsak…

Hauek dira janariak hozkailuan ondo gordetzeko gomendio orokorrak, baina badakigu, denbora faltagatik dela, edota gogo faltagatik dela, ez dela beti erraza izaten. Bada, gogoratu, janaria botatzeak ez daukala barkamenik, baina gertatzen baldin bada, usain paregabea izango duzuela hozkailuan. Hauek ekiditeko badaude erremedio merke eta naturalak: limoi bat erditik moztu, iltze batzuk jarri (espeziaz ari naiz) eta trabarik egingo ez duten tokietan kokatu. Limoiak usain txarrak xurgatu eta iltzeak usain ona emago du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide