Iritzia

Udako egun luzeak

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2022ko abu. 14a, 20:00
Argazkia: PIXABAY

"Baina oporrak ez dira beti erlaxatzeko momentuak guraso askorentzat. Seme-alaba txikiak ditugunontzat batez ere. 24 orduak haurrekin egotea estresagarria izan daiteke".

Uda eguzkia, eguraldi ona eta hondartzarekin lotu ohi da. Baina, zer da eguraldi ona? Hainbatentzat euria eta freskotasuna izango da. Beste batzuentzat, aldiz, eguraldi idor eta beroa. Nolanahi ere, ez dut uste egunotako bero-sapa inoren gustukoa izango denik...

"Telebista gutxi ikustea eta jostailu eta liburuekin estimulatzea omen da onena"

Forondako estazioan azken 46 urteetan erregistratu diren zortzi tenperatura altuenetatik sei aurtengo udaran izan dira: 39,4 gradu eta 40,8 artekoak. Bero honekin etxean gelditzea kalean egotea bezain jasanezina bilakatzen da. 

Uda ere opor eta erlaxatzearekin lotzen da maiz. Baina oporrak ez dira beti erlaxatzeko momentuak guraso askorentzat. Seme-alaba txikiak ditugunontzat batez ere. 24 orduak haurrekin egotea estresagarria izan daiteke. Eta are zailagoa guraso eredugarri izan nahi badugu. Telebista gutxi ikustea eta jostailu eta liburuekin estimulatzea omen da onena. Pantailetan 30-60 minutu egotea gomendatzen dute adituek. Eta sormena sustatzea: haiekin kozinatzea, liburuak irakurtzea, joko sinbolikoa bultzatzea, pintura-tailerrak edota txangoak egitea, musikarekin abestu eta dantzatzea... Baina udako egun luzeak ekintza hezigarriez betetzea ez da erronka makala. Eguraldia lagun badugu, samurragoa izaten da, baina arestian aipatu bezala, aurten ez da asko laguntzen ari. 

"Iraileko errutinara bueltatzeko gogoz ere bagaude. Ikasturtearekin batera, udako egun luzeak atzean uzteko"

Hori gutxi balitz, udarako egun luzeei ere gau motzek laguntzen diete sarritan. Tira, berez motzak diren arren, dezente luzatzen dira ere. Eta hor bai dela zaila egunari ganoraz ekitea. Egun horietako batean otu zait artikulua idaztea. Egun hauek normalizatzea ere garrantzitsua da eta. 

Badirudi guzti honetaz ez dela asko hitz egiten, eta sareetako argazki idiliko eta lasaiekin lotzen dela bakarrik uda. Baina hau ere bada uda. Eta guzti honekin ez dut adierazitakoa txarra denik esan nahi. Guraso izatea zoragarria da. Baina idealizatu gabe. Momentu txar eta onekin baikara guraso.

Eta iraileko errutinara bueltatzeko gogoz ere bagaude. Ikasturtearekin batera, udako egun luzeak atzean uzteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide