Turista itsuak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2017ko uzt. 13a, 10:15

"Geure buruak zuritzeko orduan, hitzen malabarista apartak gara".

Egongo da ukatuko duenik. Kontra egingo didanik. Bera ez, bera ez dela turista. Bera bidaiaria dela. Turistarik gabeko hondartzen bila ibiltzen dela (turistentzako gidetan gomendatzen dituzte onenak). Inor ez doan herrixketara joaten dela (eta ustekabean bezala topo egiten dute han bidaiari guztiek). Bertako kulturaz blaitzeko, tokiko jendearekin hitz eta pitz aritzen dela (taxilariekin, dendariekin, hoteleko harreragilearekin...). Zernahi. Beti dago norbait usteko duena motxila bizkarreratzen duen aldiro, Che Guevara bihurtzen dela. 

Geure buruak zuritzeko orduan, hitzen malabarista apartak gara. Beharrezkoa bada, Sierra Maestrara igo, trintxerarik sakonena egin eta tiroka hasiko gara bertatik, inork deklaratu ez duen eta irabazi ezin dugun gerra ergel baten erdian. Zenbat bala alferrik galduta. Zenbat indar xahututa kaka esplikatzen. Horren erdia inbertituko bagenu agerikoa onartzen eta arazoari konponbidea bilatzen, beste kuku batek joko liguke. 

Beste kuku iraultzaile batek, Leninek, gaztigatu zigun inperialismoa dela kapitalismoaren fase gorena. Opor garaian gaudenez, eta bareago eta alaiago egotea derrigorra denez, utziko didazue hariari tira egiten eta begien bistako boutadea botatzen: turismoa da inperialismoaren fase gorena. Hegazkinak dira gure nao berriak; gida turistikoak, gure bibliak. 

Zorionez, ikusi nahi ez duen itsua besterik ez gara. Bada esperantzarik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide