Etzidamuko korrika

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2017ko mar. 10a, 10:17

"Etzidamu hizkuntzen alde egin beharko dugu korri eta oihu".

Badator korrika. Biharkoa, euskararen alde. Eta haren sortzaileetako batzuk ikusi ditugu omenaldiak jaso eta hastapeneko urte haiek gogora ekartzen. Baina omenaldiak ez, kale bat edo are estatua bat ere merezi dute. Pentsa, haienak ez diren errepide zatiak behin eta berriro saldu dituzte, eta jendeari korri eginarazi diote, korri egiteari running esaten hasi baino lehenagoko garaietatik. Badute meritua.

Eta meriturik handiena, beharbada, irautea. Garaiak asko aldatu direlako. Aldatu, edo, akaso, errepikatu. Erdi Arora itzultzen ari ote garen esaten dute batzuek. Baina nago kobazuloen arora itzuli garela, hitz egiteko, hitzak ez, piktogramak erabiltzen ditugulako orain.

Haiek (haiek beti beldurgarri horiek) ez dute hizkuntzaren beharrik, eta pozarren begiratzen digute. Zertarako hartu lanak neohizkuntza bat fintzen, puskaz errazagoa denean hizkuntza guztiak desagerraraztea? 

Eta sinetsarazi digute watxapeko iruditxoekin aski dugula mundua esplikatzeko, behinola naziek sinetsarazi zieten bezala hildakoei lanak libre egingo zituela, edo guri esplikatu diguten bezala lan horrek berorrek duinduko gaituela. Orain, kasik iraultzaren izenean, egunkari eta aldizkariei hitz-dietak egiteko eskatzen diegu, hainbeste hitzekin ez molestatzeko. 

Wittgesteinek esana da, hizkuntzaren mugak adimenaren mugak direla.

Etzidamu, euskararen alde ez, hizkuntzen alde egin beharko dugu korri eta oihu. Ordurako zerbait ahoskatzeko gai bagara behintzat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide