Egin irribarre

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2017ko eka. 23a, 11:21

"Pertsona jakin batzuk izan ohi dira gurasokeriazko parrastada kondeszendiente horren biktima".

Egin irribarre. Ez zaitez izan hain ilunontzia, jesus! Giroa eta denon aldartea zapuztu besterik ez duzu egiten zure zaputz horrekin. Gainditu behingoz trauma hori. Zure esku dago. Ea, egin irritxo bat, ez zaizu-eta batere kostatzen! Ulertzen dut zure samina, benetan, badakit gogorra dela, baina buelta eman behar diozu. Izan konfiantza. Zerorrek saiatu behar duzu, inor ez zaizu-eta etorriko arazoak konpontzera. Okerragoa izan zitekeen: begira nola dauden Afrikan".

Ezaguna izango zaizu diskurtsoa: edo zuri esan dizutelako noizbait, edo norbaiti aditu diozulako beste norbaiti esaten, edo, beharbada, zeuk esan diozulako inori. Ez edonori, ordea. Pertsona eta kolektibo jakin batzuk izan ohi dira gurasokeriazko parrastada kondeszendiente horren biktima; gutxi batzuk aipatzearren: bizitzako lazkeriaren batengatik lur jota daudenak, gaztetan eskolan jazarriak izan zirenak, inoiz "intentsitate apaleko" (sic) eraso sexistaren bat salatu duten emakumeak ("intentsitate handiko" sexu erasoen biktimak, aldiz, beti biktima eta beti burumakur nahi ditugu, baina hori beste gai bat da).

Azken batean, beti izango da errazagoa norbanako jakin batzuen gainean lasta uztea, hots, deprimituei eta jazarriei lezioak ematea eta beren zoritxarraren erantzule direla sinetsaraztea, deprimitzeko arrazoiei, eskolako jazarleei eta matxista ipurdi-ukitzaile eta zibererasotzaileei aurre egitea baino.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide