Ez kendu izenik

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2016ko mar. 16a, 17:58

"Nekez egingo dugu andreen alde F letraz hasten den hori aipatu gabe."

Martxoaren 8aren harira idatzi direnez nazkatuta zauden lagun maite hori:

Zer aspergarriak garen desoreka estruktural atergabe batengatik protesta atergabean tematzen garenok, ezta? A zer betekada emakume hitzarekin, eta matxismo hitzarekin. Normala nekatzea, bai: izan ere, martxoaren 8an, genero terminoa sexu hitzaren sinonimo eufemistiko politikoki xuxen bat dela uste duten hedabiderik patriarkalenak ere aritu dira lan-arloko arrakalaz eta "etxe barruko indarkeriaz" (sic). Bat-batean, martxoa iritsi, eta irudipena duzu leku guztietan gaudela F letraz hasten garen horiek, Interneten, telebistan, prentsan, eta beti kexaka, jope. Hemen denok gaude berdintasunaren alde, ezta? Baina pasatu gabe.

Urte guztian ikusezin dena ikusgaitzen denean, orduan dator enpatxua, monotema-sentipena. Baina, mundua irauli ezin dugun bitartean, guk ez dugu eskatzen munduko biztanleen erdiei dagokien erdi hori baino. Erdia, bai, baina erdi hori oso-osorik. Eta horretarakoxe behar da isilaraziei hitza eman, ezkutaraziei arreta jarri, desoreka eta indarkeriei izena jarri, eta desoreka, indarkeria eta botere-harreman horien kontra urteetan egindako lanaren eta borrokaren izena ez ikusezindu, andre-jaunok, zeren nekez egingo baitugu andreen eskubideen alde eta matxismoaren aurka baldin eta F letraz hasten den lan eta borroka hori, hots, feminismoa aipatzeak lotsatzen edo nekatzen bagaitu. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago