Jende mota horiek

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2015ko ots. 25a, 01:00

Maialen Berasategi Catalán

 

Bada jende mota bat Euskal Herriko ipar hemisferiotik hegoaldekora etortzen dena euskara guztiz jatorrezko ikasbideak ematera (hots, "beste egunean kaletik ikusi nion Mikeleri") eta gero sutan jartzen dena EGA "suspenditzen" diotelako, eta gero “Ba gasteiztarra izateko ondo hitz egiten duzu euskaraz” esaka aritzen dena.

 

Bada jende mota bat normal-normala iruditzen zaiona gaztelaniazko itzulpen batean "¡Tengamos un poco de diversión!" irakurtzea eta gero beti purrustaka aritzen dena euskal itzulpenen artifizialkeriarengatik.

 

Bada jende mota bat euskara batua garbikeriatzat eta zeharo murriztailetzat duena eta gero eskandalizatu egiten dena ohartzen denean leitu, erretratu eta diferente Hiztegi Batuan daudela.

 

Bada jende mota bat ETB1eko bikoizketari (ba al da halakorik oraindik?) kaka hutsa deritzona "beti ahots berak agertzen direlako" eta gero ohartu ere egiten ez dena Johnny Depp, Leonardo DiCaprio, Jim Carrey eta beste hamaika ahoskide direla gaztelaniaz.

 

Bada jende mota bat ez dakiena hizkuntz erregistro ugari daudela eta sinetsita dagoena bizitzako esparru guzti-guztietan hitz egin behar dela euskara batu jasoan eta jipoitu egin beharko litzatekeela hala egiten ez duen jendea.

 

Bada jende mota bat ikastetxeetan Euskara eta Literatura irakasten duena baina ez duena urte guztian euskarazko liburu bakar bat ere irakurtzen.

 

Bada jende mota bat erdaldunak euskalduntzearen alde sutsuki aritzen omen dena eta gero ahalik eta euskalkirik itxienean mintzatzen dena euskaldun berri bat hurbiltzen zaion aldiro.

 

Bada jende mota bat "gure herriak bizi duen kolonialismo bortitzari" egozten diona hori guztia eta gero izugarri pozten dena Mexikon ba omen delako Durango bat.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide