Nagikeria vs begetala

Erabiltzailearen aurpegia Josune Velez de Mendizabal 2019ko uzt. 18a, 12:20

"Euskaraldian hartu nuen apustuari helduz, euskaraz egingo nion kamareroari..."

Zalantzatia naizen heinean, erabakiak hartzea kostatzen zait. Edozein, ez transzendentalak soilik, baita egunerokoak ere. Azken hauek ez dira oso garrantzitsuak baina hortxe ibili ohi naiz nire nahi/desio versus beharra/premia, borrokan. Niri buruari bakarrik zor diodan egiari men. Udan gainera ekuazioa korapilatsuagoa da, tartean nagikeria dagoelako. Alpertxo bilakatzen naiz beroarekin (Berorik gabe akaso nagia ere banaiz, baina gutxiago nabaritzen zait. Testatu beharko. Gizakiok nagiak gara izatez).

Hara alperkeriaren adibidea. Oporretan, eguraldia lagun, igerilekura joaten naizen egun hauetan bazkaria prest eramaten dut. Ez beti, ordea. Aurrekoan, bertan erosiko dut, esan nion nire buruari, jakinda hozkailuan tomateak, arrautzak, letxuga eta azenarioak entsalada eder bat egiteko zain nituela (beno, horiek bihar, bai, bihar... eginbeharra vs nagikeria, 0-1).

Entzunda nuen iazko igerilekuen kafetegi zerbitzua makala zela, ilara amaiezinak, motela, txanda-pasak eta aurreratzen zirenen arteko bronkak... beno, halere, apustu egin nuen nire nagikeria eta biok inor baino biziagoak ginela, eta 13:00ak aldera oraindik goiz zela gainontzeko gizaki geldoak bertaratzeko, eta jendetza ez zela egongo. Bingo! apustua irabazita! inor ez! (1-0).

Jakinda kamareroa niregana gerturatuko zela eta ni hurrengoa izango nintzela irribarrez hartu nuen bokaten karta. Zerrenda ez zen hain luzea, izan ere batetik gazteleraz zegoen eta bestetik euskaraz, hau poza. Euskaraldian hartu nuen apustuari helduz, euskaraz egingo nion. Baina lehendabizi erabaki... Haragirik ez dut nahi, begetala hartuko dut. Begetalen mundua , –bokatena diot, ez gizaki motelena– mundu zabala da ordea. Begetalak, dakizuen bezala, ortuan hazten den york urdaiazpikoa edota hegaluzea du behin baino gehiagotan.

"Egun on" esan nuen euskara perfektuan, "dime qué quieres" erantzun berak gaztelera perfektuan ere. Tira... begetala hegaluzearekin... erantzun nion bere hizkuntzan... "dime el número" berriz berak... eta kartari erreparatu nion berriro, bokatak zerrendatuta zeuden eta.  21a zen nire hautua. Bai, ezta? duda mudan berriro ere, eta konprobatzea erabaki nuen. Buelta eman kartari eta hara! Erdaraz, begetala hegaluzearekin zena, euskaraz oilo paparra ere bazuen! Oximorona ber bi.  "El 21 de castellano –esan nion– que el 21 de euskara es otra cosa". Begiratu ninduen ortuan hazitako legatza ni banintz bezala... tira.. Hautua eta apustua. XXI. mendeko nagikeria vs 21 zenbakidun botaka.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide