Arg: Pixabay

"Noiz hasten dira seme-alabak gurasoei geratzen den azken izozkia eskaintzen?"

Aspalditik doa J gurasoen etxera, behar duten zaintza betetzera eta erosketa handiak egitera. Egunero bisitatxo bat mantenuzkoak egiteko, eta hilean bitan asteburu osoak igarotzen ditu eurekin. Nire lagunak arazo handirik gabe antolatu du bere bizitza horretara. Garai batean seme-alaben gorabeherak elkar trukatzen genituen bezala, orain gurasoenak izaten ditugu hizpide: nola dauden, medikuen hitzorduak, nola daramagun eta halakoak.

Bere asteburuko txanda bete du gurasoenean J-k. n. Esan dit jaiegunetan postrerako beti izaten dituztela izozkiak, batez ere txokolate eta krokantizkoak. Bestelakoak ere bai, baina horiek direla bere amak eta berak gustukoen dituztenak. Igandean, ordea, izozkailuko atea zabaldu eta izozki ale bakarra zegoen eta, pentsatu gabe, bere amari eskaini ziola kontatu dit arrapaladan. "Azken hoberen" hori seme-alabentzako izan ohi bada, jarrera hori berezkoa bada, noiz hasten dira seme-alabak gurasoei geratzen den azken izozkia eskaintzen? Azken yogurta, haragi xerra bigunena, arrainaren zatirik hoberena? Amak izozki hura irribarrez eta poz-pozik onartu zuenean, bat-batean semea izatearen estatusa galdu zuela nabaritu zuen.

Atsekabetuta eta umezurtz sentitu da. Igande eguerdiarte bere seme-alaben eta gurasoen arteko kate-mailan zegoen kokatuta, erdian hain zuzen. Orain ez daki gurasoen guraso bihurtu den, ez daki bere amak izozkia onartzearekin batera txanda-pasa egin dion. Ez daki bere amak, keinu xume horrekin, adinak eta bizitzak eman dizkion zuhurtziaz eta abileziaz, katearen beste puntan jarri nahi izan duen. Badaki hemendik aurrera izozkiaren eguna gogoratuko duela, bizimuga bat izan delako, beste urrats bat gainditu duelako.  Ez daki ordea urrats hori gorantza edo beherantzakoa den.

Gure amaren etxean nago zutabetxo hau idazten, egongelako mahaian jarrita, berak lo-kuluxka egiten duen bitartean leiho ondoko eserlekuan. Esnatzen denean afari-merienda bat egingo dugu elkarrekin. Badaezpada, bioi horrenbeste gustatzen zaigun urdaiazpiko nahikoa dagoela ziurtatu dut. Ez nago gaur nire lekua kolokan jartzeko moduan. Ez nago zalantzetarako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide