"Zein da gure kasa sortu dugun iritzia eta zein da inpunitate osoz ezarri digutena?"

Propaganda hitza latineko propagaretik (zabaldu, hedatu, barreiatu) etorri arren, aspaldi beste asmo batez dator kutsatua: zeozer zabaldu, barreiatu bai, baina norbaitzuen probetxurako. Horregatik, propagandaren atzean boterea dago eta egon da beti. Adimenak jasaten duen eraso kalkulatu bat, konturatu gabe mezu edo jarrera baten menpean jarriko gaituen tresna. Horretarako, onartuak izateko, edozein neurriko boterea modu magiko batez lortzeko edo sinesmen mistikorako dugun beharra manipulatuko dute, dena delakoek euren helbururako mesedetan geure iritzia moldatzeko kolektiboki.

Baina propagandaz murgilduta jaiotzen bagara, sare guztietatik, telefonoetatik, hedabideetatik propagandaz josten bagaituzte, nola nabarmenduko dugu zer den egia edo gezurra, zein da gure kasa sortu dugun iritzia eta zein da inpunitate osoz ezarri digutena? Adi egon behar dugu.

Propagandaren eraginkortasuna, besteak beste, errepikapenari lotuta dago. Zeintzuk dira egunero eta egunean behin eta berriro  entzuten ditugun albiste ohikoenak? Nik, Kataluniari buruzkoak eta koronabirusarenak jotake. Batak zein besteak izugarrizko kalteak ekarriko omen dizkigute. Ditxosozko birusak, eragin txikienean gripe arin baten antza du, eta gogorrenean pneumoniaren antzekoa omen da. Susmoa dut errazen kutsatzen gaituena, "propagarriena",  jasaten ari garen pandemia gorriena, beldurra dela.

Nora begira, hala ikusi. Nora begira gauden erakutsiko du zer ikusiko dugun eta  geure etika zer bilakatuko den. Halako zerbait esaten du Gonçalo Tavaresek Moralitate ozena deritzon artikulu batean. Entzuteak gorputzaren mugimendu sotila eragiten du, atentzioaren eta begiradaren norabidea finkatuko duena. Zeri egiten diogu kasu, zeri ematen diogu garrantzia? Ozenago, deigarriago, liluragarriago, mesedegarriago heltzen zaigunari edo frekuentzia txikiago batez heltzen zaigunari? Zer liburu edo musika aukeratzen dugu? Honetan guztian dago geure ardura.

Zein soinuri kasu egin, zelako gauzetan jarri geure arreta, noranzko jarri  begirada. Hor dago gakoa. Zalantza barik, garrantzia handiko erabaki pertsonala.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide