alea.eus

Hiri ikusezina

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2017-02-16 15:45   Iritzia

"Gasteizen Eufemia xume bat eraikitzen ari gara bizipenak konpartitzeko".

Italo Calvinok Hiri ikusezinak liburuan Eufemiaz honako zerbait dio: zazpi nazioetako merkatariak Eufemia hirian biltzen dira ekinozio eta solstizioetan. Baina ez dira joaten bertako azokagatik, oparoa izanik, badaudelako antzekoak beste tokitan ere. Merkatariak  izarren babespean, suaren inguruan, euren istorioak eta te beroa konpartitzera doaz Eufemiara. Norbaitek hitz bat aipatzen duenean (etxea, otsoa,  maitalea, gaixotasuna, altxorra…,) gainontzeko guztiek norberaren etxeaz, otsoaz, maitalez, eta abarrez izan dituzten bizipenak kontatzen dituzte. Gero, basamortutik itzultzeko bidai bakartian, kontatutako eta entzundako guztia gogoratuko dute eta etxea, edo maitalea, gaixotasuna zein altxorra beste era batean ezagutzen dituztela sumatuko dute. Eta bueltatuko direla dakite, ekinozio eta sostizioetan, memoria aldatzen duen hirira. 

Gasteizen, Eufemia xume bat eraikitzen ari gara, asteazkenero Monstrenkan Memorendolak deritzon proiektuan. Mahai baten inguruan, jaki, edariak eta bizipenak konpartitzen ditugu. Gure kontzientzian ezkutatuak ditugun pasarteak beste era batera entzuteko, taldeko giroak ematen digun oihartzunari esker. 

Memoriak, izaki edota gizarte modura osatzen gaituelako biltzen gara, garenok eta non gauden asmatzeko arkeologia ariketan saiatzen. Monstrenka antzerki taldearen egoitzako ateak zabalik daude Gasteiz ikusezina bisitatu eta azaleratu nahi duten bidaiari guztientzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa